Traineru denboraldiko lehenbiziko banderak, aurrenekoak askorentzat

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 8a, 10:00

Zubillaga eta Etxabe, Elantxobeko banderarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Ioritz Zubillagak eta Mikel Etxabek ligak hastearekin batera eskuratu dituzte beren ibilbideko aurreneko banderak, eta esperientzia nola bizi izan duten azaldu dute biek.

Hasi dira 2022ko traineru ligak, eta aurreneko garaipenak iritsi dira eskualdeko klubetara. Eusko Label, Euskotren nahiz KAE1 ligetan banderak lortu dituzte Oriokoek, Zarauzkoek eta Zumaiakoek, eta hainbat arraunlarirentzat aurreneko lorpena izan da, gainera, traineru barrutik bizi eta beren paladekin eskuratutakoa. Arraunlari horietako bi dira Zarautz Arraun Elkarteko Ioritz Zubillaga eta Mikel Etxabe.

Baborretik

Zubillaga ZAEko arraunlari zarauztarrak ez du ahaztuko Enbatak igandean Elantxobeko estropada irabazi zueneko unea. "Estropada bukatutakoan sentsazioa sekulakoa izan zen; gainera, baborrean egiten dut arraun, eta azken luzean San Pedro ikusten genuen baborretik, eta Elantxobeko joko eremua diagonala denez, nahiz eta gu aurretik joan, ez genekien zenbateko aldea zegoen. Gainera, atzetik hasi ginen, gero beren parean jarri eta azkenean aurreratu... Helmugara iritsi ginenean ikaragarria izan zen. Paregabea izan zen nola egin genuen atzetik aurrera", kontatu du. Garaipenaren irakurketa sakonagoa ere egin du: "Lanak ondo ari gara egiten, eta denboraldian pixkanaka-pixkanaka emaitzak hobetzen ari gara eta estropada ia guztietan sentsazio oso onarekin ari gara gelditzen", azpimarratu du zarauztarrak. "Garrantzitsua da, gure konfiantza hobetzeko behar genuelako halako garaipen bat". Dena den, onartzen du oraindik denboraldia luzea dela eta ez dutela "erotu" behar garaipen batengatik.

Taldekide gehienak bezala, harrobikoa da Zubillaga, eta txikitatik dabil ZAEn, urtebetez utzita egon zen arren. Horregatik, errezibimendua momentu polita izan zela esan du. "Ikusita iaz gorengo mailatik jaitsi ginela, herrira berriro bandera ekartzea eta ikustea berriro hor gaudela borrokatzen eta gure herria animoak ematen ari zaizkigula, hori sentsazio paregabea da".

Aurrenekoz traineruan

Aurten igo da Zarautz Arraun Elkarteko gizonezkoen lehen trainerura Mikel Etxabe zarauztarra. Orain hamarkada bat probatu zuen arrauna, 11 urterekin, eta orduztik, klubean ibili da beti, Zubillaga bezalaxe.

Etxabek igandean jokatu zuen aurreneko aldiz estropada bat KAE1 ligan, eta banderarekin etxera itzulita, pozarren da. "Oraindik sinistu ezinik nago. Estropadan ia momentu oro San Pedroren atzetik joan ginen, eta guk ez genekien arren, Zumaia ere aurretik zegoen hirugarren ziabogara arte. Azken luzean ikusten genuen San Pedro hortxe zegoela, eta sinisten hasi ginen irabazteko moduan ginela. Baina bukaerara arte ez genuen irabazi, oso parean joan ginen, eta irabazi genuela ikusitakoan poz handia sentitu nuen, emozionatuta egon nintzen». Izan ere, txikitatik izan dituen bi amets bete ahal izan zituen egun berean: "Batetik, A traineruan debutatzea liga batean, eta bestetik, bandera irabaztea".

Amets gehiago ere baditu aurtengo denboraldiari dagokionez. Aurrera begira, momentuz ez du helburu eta nahi zehatzik. "Oraingoz, konformatzen naiz banderak irabazten segitzearekin; ez litzateke albiste txarra izango!".

Banderak irabaziz gero, joan den igandean bezala, herritarren eta udalaren harrera jasoko lukete. Hori ere aurreneko aldiz ospatu ahal izan zuen protagonista gisa, "orain arte beti ikusle moduan joan izan garelako". Etxabek azaldu du "oso pozik" jaso zutela errezibimendua, eta "herriari oso eskertuta" daudela.

Datozen asteetako estropadek esango dute bandera gehiago etxeratuko dituzten ala ez Etxabek eta Zubillagak.