Ondarroan eta Hondarribian dituzte hitzordu berriak Zarautz Gesalaga Okelaneko neska-mutilek

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 5a, 11:00
Gizonezkoen trainerua estropada bat jokatzen.

ETE ligakoek bi estropadak jokatuko dituzte asteburuan, eta KAE 1 ligakoek, berriz, atseden hartuko dute bihar, eta Hondarribian izango dira igandean.

KAE1 eta ETE ligak ari dira beren hondarrera iristen, eta hemendik aurrerako estropada guztiak izango dira garrantzitsuak Zarautz Gesalaga Okelanen bi traineruentzat. Hemen egutegia ikusgai.

Bihar 12:00etan izango dute asteburuko aurreneko hitzordua neskek. Ondarroako 38. Bandera izango da lehian han. Hurrengo egunean, berriz, Hondarribian jokatuko dituzte lehiak bai gizonezkoek, bai emakumezkoek, 11:00etan hasita.

Sailkapenaren erdialdean biak

Gizonekozkoen trainerua bosgarren da sailkapen nagusian, eta lau puntura dauka laugarrena, San Juan; 77 puntu dituzte zarauztarrek, eta 81, sanjuandarrek. Nonbaitera begiratzeaz, horra begiratu behar du etxeko traineruak. Izan ere, 20 puntu baino gehiagoko aldea ateratzen dio bere hurrengoari, Zumaiari.

Emakumezkoen trainerua, bestalde, seigarren da sailkapenean, eta behekoengandik urrun dago hori ere, baian ez hainbeste; zazpigarrenari sei puntuko aldea eteratzen dio –33 puntu ditu Hernarnik, eta 39 Zarautzek–, eta sailkapeneko azken bi taldeak oso urrun gelditu dira, 11 eta 17 puntu soilik dituztelako.

Gora begira, hiru puntura dauka Ondarroa, 42 punturekin, eta gainerakoak urrun –Zumaia da laugarren, 53 punturekin–.

Estropada guztiak izango dira garrantzitsuak, baina denen artean, ezin ahaztu etxekoa: abuztuaren 20an jokatuko dute Zarauzko Bandera, 11:00etan hasita. Ea sailkapenean zenbat punturekin iristen diren hitzordu horretara.