'Enbata'-ko arraunlarien balorazioak azken estropadez

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 8a, 11:30

Zarautz Gesalaga Okelango gizonen traineruak "zaplastekoa" jaso zuen atzo, esperotakoa baino atzerago amaitu batizuten sailkapenean. Emakumeentzat ere ez zen egunik onena izan, baina gustura geratu ziren egindakoarekin. 

Zarautz Gesalaga Okelango traineruetako Ioritz Zubillaga eta Uxue Alberdi arraunlariek asteburuko estropaden balorazio laburra egin dute.

Gizonen kasuan, "zaplastekoa" jaso dutela azaldu du Zubillagak. "Sentsazio arraroa eduki dugu. Lehen bi luzeetan ez dugu bereziki gaizki egin arraunean eta uste genuen hobeto joango ginela. Bigarren ziabogan konturatu gara nahiko atzetik gindoazela. Gero horri ez diogu buelta eman eta ez dugu errekuperatu galdutakoa". Bederatzigarren postuan amaitu zuen atzoko estropada Enbata-k, eta 5. postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean. Seigarren postuan dagoen Zumaiari alde handia ateratzen dio oraindik ere, baina azken bi estropadetan urrundu egin da  Zarautz play off postuetatik. 

Emakumezkoetan, emaitzak halakorik islatu ez arren, egindako arraunkerarekin gustura agertu da Alberdi zarauztarra. Seigarren postuan jarraitzen dute zarauztarrek sailkapen orokorrean, eta bosgarrena eta zazpigarrena distantzia berera dituzte, sei puntura, hain zuzen ere.