SKAPA jaiak 2022

Hutsune sinboliko eta fisikoa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 11a, 10:38
2021ekoa da Salberdin baserriaren atarian ospatutako azken Santa Klara eguna; artean bizirik zen Iradiren amona. (Utzitakoa)

Salberdin baserriaren ataria girotzera joan ohi ziren urtero-urtero txistulariak, Santa Klara egunez. Inguruko pabilioien moduan eraitsi egin dute duela gutxi eraikina, eta harekin batera, baita urteroko ohitura ere. Hirigintza proiektu berriari tokia egiteko zeharo itxuraldatu da ingurua, eta horren lekuko izan da Salberdin baserrian hazitako Ainhoa Iradi zarauztarra.

Pandemiak baldintzatuta, ez dira ohikoak izan azken bi urteetako Santa Klara jaiak. Aurten normaltasunez ospatzeko aukera izango da, egitarau bete-betearekin eta murrizketarik gabe, baina, festek horren berezko dituzten tradizioen artean, izango da hutsune ordezkaezin bat: urtero-urtero, txistulariek Salberdin baserriaren atarira egin ohi zuten bisita Santa Klara egunez eta Santa Klara bigarrenez. Aurtengo festetan, ordea, ezingo dute halakorik egin, duela gutxi eraitsi baitzituzten Salberdin, Ixpilla eta Txiliku baserriak. 

Salberdinen hazitakoa da Ainhoa Iradi zarauztarra. Azken urteetan ez da han bizi izan, baina txikitako oroitzapenak bertakoak ditu. Duela zenbait urte inguru hori zeharo aldatzen hasi bazen ere, oroitzen du tailerrez inguratuta zeudela hiru baserriak. "Etxe parean fundizioa geneukan, Mesill enpresa ere han zegoen, Lizundia oihal fabrika parean geneukan... tailerrez inguratuta geunden, eta gero pixkanaka ixten joan ziren eta aldatzen joan zen ingurua". Gogoratzen du txikia zenean abereak zituztela etxean, eta bere ama joaten zela auzokoei esnea banatzera. 

Azken Portuko festak egun bereziak izaten ziren baserri hartakoentzat. Gaurko egunez, goizean goiz txistularien bisita jasotzen zuten, gero trikitilariak joaten ziren eta ondoren, dagoeneko erretiroa hartuta duen Azken Portuko txaranga. Denei jan-edana ematen zieten etxekoek, eta festa egiten zuten baserriko atarian. Trikitilariak eta txaranga erretiratu baziren ere, txistulariek azken unera arte eutsi diote tradizioari. 

Aurtengo Santa Klara eguna apur bat aurreratu, eta etxea bota aurreko egunetan joan ziren baserrira txistulariak, agur modukoa egitera eraikinari. Bertan izan zen Iradi familiarekin, eta hitzordu sinboliko eta hunkigarria izan zela azaldu du.

 

Bere birraitona jarri zen baserri horretan bizitzen eta amona hor bizi izan da beti, beraz, esanahi handia zuen eraikin hark beretzat. "Inguruko jende asko falta da, eta etxe hori botatzeak pertsonalki asko ukitu nau", dio. Abenduan zendu zen bizitza osoa baserri hartan egindako Iradiren amona. Ez zuen, beraz, bere etxea eraisten ikusi hark.  

Baserria ez ezik, inguruko pabilioiak ere eraisten ari dira tantaka, eta Iradiren haurtzaroko inguru horrek dagoeneko izateari utzi dio. "Sentsazioa da nire txikitako leku horiek guztiak desagertu egin direla. Ezin naiz hara joan, dagoeneko ez dagoelako. Sustraiak kenduko balizkidate bezala da". 

Lehenengo aldia da festetan ez dena herrian egongo. "Edozein lekutan geundela, egun horretan Zarautzera itzultzen ginen normalean, baina, aurtengoan ez itzultzea erabaki dugu". Zapore mingotseko festak izango dira aurtengoak Iradirentzat, baina atzera begira jarrita, txikitako oroitzapen on ugari gordetzen ditu baserrian eta haren inguruetan. Horri lotuta, bereziki eskertuta agertu da urteetan baserriko tomateak erosi izan dizkieten auzotarrei eta herritarrei, baita urtero-urtero festetan ataria girotzera joan diren txistulariei ere.