Zaletuen babes koloretsua Zarauzko Estropadan

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 20a, 14:00

Zarauzko Estropadei gaur goizean eman diete hasiera, ETE eta KAE 1 ligetako jardunaldiekin. Eta, Hain justu ere, Zarautz Gesalaga Okelango bi traineruen parte hartzearekin.  Ondorioz, itsas pasealekuan kolore urdina nabarmendu da gainerako zaletu guztien gainetik.

Etxeko taldea animatzeko gogoz, ZAEren elastiko eta bandera ugari ikusi dira. Baina ez dira bakarrak izan. Hondarribiak zaletu multzo polita eraman du, baita Ondarroak ere. San Pedro, San Juan, Deustu, Telmo Deun, Castro, Orio... Kolore festa polita nahastu da, bat eginda, baina bakoitzak berea defendatuz.

Kataloxak eskuetan, traineruak ongi bistaratzeko, eta sakelako telefonoari begira, denborak tarteak kontrolatzeko. Bozgorailu handi batekin oihuka zebilen zaletu bat ere agertu da.

Arratsaldean errituala errepikatuko da, baina Euskotren eta Eusko Label ligetako taldeen jarraitzaileentzat. Izan ere, arrauneko giroak berezko xarma hori du.