Euskal Astea 2022

Erabakita geratu da Bertsolari Gazteen Txapelketako finaleko seikoa

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 27a, 14:30
Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketan parte hartu zuen zortzikoa. (Amaia Urbieta Arruti)

Kanporaketetako puntuazio altuenarekin (225 puntu) gailendu zen atzoko saioan Andoni Rekondo hernaniarra. Finala datorren ostiralean izango da, Modelo aretoan. 

Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketa jokatuta, jada zehaztuta geratu da finalean ariko den seikoa. Atzoko saioan Andoni Rekondo hernaniarra izan zen garaile, 225 punturekin, kanporaketetako kalifikazio altuena lortuta; bezperan Aner Peritz izan zen nagusi, 217 punturekin. Biek ala biek lortu dute zuzenean sailkatzea finalera, eta gainerako lauak puntuazioaren arabera erabaki dira.

Argi eta garbi zegoen 200 punturen bueltan ibili beharko zutela bertsolariek txartela eskuratzeko. Oier Etxeberria azpeitiarrak ongi egin zituen lanak atzo, eta bigarrena izan zen 202 punturekin. Hurrengo hiru sailkatuak ere saio ederra egin zuten, eta finalerako bidean jarri ziren: Aitor Tatiegi oñatiarra 198 punturekin hirugarren, eta 196.5 punturekin berdinduta, Naia Arrizabalaga azkoitiarra laugarren eta Irati Alcantarilla urruñarra bosgarren.

Alcantarilla, ordea, finaletik kanpo geratu zen. Osteguneko kanporaketan bigarren izan zen Gorka Pagonabarraga durangarra, saio bikaina egin ondoren (208.5 puntu), eta, ondorioz, harekin geratu zen osatuta taldea. Beraz, datorren ostiralean lehia irekia espero da, 22:00etik aurrera, Modelo aretoan; sarrerak 3 euro balio du.

Bigarren kanporaketako sailkapena
  1. Andoni Rekondo: 225 puntu
  2. Oier Etxeberria: 202 puntu
  3. Aitor Tatiegi: 198 puntu
  4. Naia Arrizabalaga: 196.5 puntu
  5. Irati Alcantarilla: 196.5 puntu
  6. Xabat Illarregi: 188 puntu
  7. Ane Beloki: 186.5 puntu
  8. Libe Goenaga: 176 puntu

Finalean ariko diren bertsolariak

  • Andoni Rekondo
  • Aner Peritz
  • Gorka Pagonabarraga
  • Oier Etxeberria
  • Aitor Tatiegi
  • Naia Arrizabalaga