Nafarroa kaleko ur hornidura eta saneamendu sareak berrituko dituzte urrian

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 6a, 10:30
Lanak egingo dituzte urrian, Nafarroa kalean. Irudian, Iban San Martin eta Patxi Elola zinegotziak. (Zarauzko Udala)

Gipuzkoako Urak kontsortzioa arduratuko da lanez, eta horretarako "beharrezkoa" izango da bi aldetako espaloiak altxatzea. Era berean, ezki zuhaitzen sustraiak asko hazi dira, hoditeriak zulatuz, eta horiek mozteko beharra ikusi du udalak.

Urritik aurrera, Nafarroa kaleko ur horniduraren hoditeria eta saneamendu sareak berritzeko lanak egingo ditu Gipuzkoako Urak-ek. Lehenik eta behin, iparraldeko espaloian egingo dituzte obrak, Balea eta Iger kaleen artean, eta, ondoren, hegoaldeko espaloian, San Frantzisko eta Seitximeneta kaleen artean.

Obra eta Zerbitzu zinegotzi Iban San Martinek azaldu duenez, euri urak eta ur zikinak batera doaz gaur egun hodi bakar batean, eta sistema banatzailera pasatu behar dira derrigorrez; hau da, euri urak hodi batetik, eta ur zikinak, bestetik. "Gainera, egungo saneamendu sareko hoditeriaren gehiengoa fibrozementuzkoa da (uralitakoa) eta oso egoera txarrean dago. Honek filtrazioak eragiten ditu eta, ondorioz, ezinbestekoa da hau aldatzea lurzorua eta Zarautz azpian dagoen akuiferoa ez kutsatzeko", jakitera eman du zinegotziak.

Lanak burutzeko espaloiak altxatzea "beharrezkoa" dela arrazoitu du, "sakonera handiko zangak ireki behar direlako hoditeria zaharrak aldatzeko". Halaber, Nafarroa kaleko espaloien eta errepidearen argiteria publikoa berritzeko baliatuko dituzte obrak, herri segurtasun arloko egoera "nabarmen hobetzeko helburuarekin”.


Nafarroa kaleko zuhaitzak

Nafarroa kaleko espaloietan dauden ezki zuhaitzei dagokionez, Zarauzko Udaletik adierazi dute sustraiak asko hazi direla –hoditeria inguratuz eta, kasu askotan, zulatuz–, eta ezki horiek moztezko beharra dagoela. Erabaki horren aurrean, Tiloak plataforma sortu dute herrian.

Patxi Elola Lorazaintzako zinegotzi arduradunak azaldu duenez “sustrai mozketa honek ez du bideragarri egiten gaur egungo zuhaitzak mantentzea, besteak beste, haize boladen aurrean ezin delako bermatu oinezkoen eta trafikoaren segurtasuna Nafarroa kalean". 2020ko azaroko haize bolada handiekin gertatutakoa ekarri du gogora, nahiz eta kalte larririk ez zuen eragin. Elolaren esanetan, zuhaitzen sustraiak mozteak ez du bermatzen segurtasuna etorkizun labur, ertain edo luzean,  besteak beste, zuhaitzak bere ainguraketa eta indarra galtzen dituelako.

Udal teknikarien iritzi eta txostenetan jasotakoaren arabera, Nafarroa kaleko urbanizazioa egin zenean landatu ziren eta egun dauden ezkiak pyrus calleryana ‘chanticleer’ izeneko espezieagatik ordezkatuko dituzte. Zuhaixkak horiek sustrai txikiagoa dute eta udalak azaldu duenez, espaloi azpiko hoditeria ez dute kaltetuko.

“Gipuzkoako Urak-ek hoditeriaren azpiegitura berritzeko sustatutako obra honekin, gaur egun Zarauzko arteria nagusian kokatzen diren zuhaitzak, espaloiak, argiteria eta herri segurtasuna hobetuko dira”, biribildu du Obra eta Zerbitzu zinegotzi San Martinek.