Guztien neurrira osatu dute udazkenerako kultur egitaraua

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 14a, 09:22
Agurtzane Aizpuru, Idoia Etxebarria, Myriam Gonzalez Txabarri eta Iruñe Urbieta, Sanz Enean. (Aritz Mutiozabal)

‘HerrimaMITUZ’ bertso saio bereziarekin ekingo diote programazioari, etzi. Emanaldi guztietarako sarrerak atzotik daude salgai, Modelon eta ‘online’.

Atzean geratu dira uda sasoiko ekitaldi, kontzertu eta jaialdi jendetsu guztiak. Baina nostalgiaz oroitzen hasteko betarik gabe, eta Euskal Asteko biharamunaren ondoren, Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak prest du udazken honetarako atondu duen eskaintza oparoa. «Publiko guztiari zuzendutako ekitaldiak antolatu ditugu, eta diziplina ezberdinetakoak», nabarmendu du Kultura zinegotzi Irune Urbietak, eta iazko urtearekin alderatuta, Modelo aretora itzuliko dira emanaldiak "inolako murrizketarik gabe". 

Programazioa paperean argitaratu dute aurten, eta azalaren diseinuan Itxaropena Argitaldariari egin diote keinu. Hain zuzen ere, hilaren bukaeran erakusketa berezia zabalduko dute Sanz Enea kultur etxean, Itxaropenaren 90. urteurrenaren harira. Eskuorriari dagokionez, ohiko udal eraikinetan eskuratu ahal izango dute herritarrek. Emanaldietarako sarrerak, berriz, atzo jarri zituzten salgai, eta Modeloko txarteldegian eta Kutxabankeko online plataforman  erosteko aukera izango da. 


Herriko kontuekin

Kultur programazioa ostiral honetan hasiko dute HerrimaMITUZ izeneko bertso saio bereziarekin. Propio Zarautzerako prestatutako ikuskizuna izanik, Modelokoa estreinaldia izango dela adierazi du Agurtzane Aizpuru Kulturako arduradunak. Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak eta Xaber Alderdi historialariak hartzen dute parte bertan: herriko zenbait pasarte ekarriko dituzte gogora, eta horiek gai bihurtuta bertsotan ariko dira.

Bertsolaritzarekin lotuta, Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa antolatu dute, Iñurri minbiziaren aurkako elkartearekin lankidetzan. Saioa abenduaren 9an izango da, eta bertsolariez eta musikariez gain, elkarteko kideek hartuko dute parte.


Taula gainera

Arte eszenikoen eremuan eskaintza zabala prestatu dute udazkenerako. Haurrei zuzendutako lau antzerki izango dira; hilabeteko bat, gutxi gorabehera. Helduentzako, berriz, oihartzun dezente izaten ari diren bi obra: batetik, Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak antzezten duten Sexberdinak, eta bestetik, Harkaitz Canoren gidoia duen eta Ximun Fuchsek zuzendutako Axut!  eta Artedramaren Hondamendia. Bestalde, pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten Lasala konpainiaren Dead dantza ikuskizuna berreskuratu dute azarorako.

Zuzeneko musikari dagokionez, Kultura arduradunak aurreratu du Niko Etxartek joko duela hilaren bukaeran. Aurkezpenik behar ez duen euskal rockaren aitzindaria eta kantu herrikoiengatik ere oso ezaguna. Era berean, Tormenta en el Jardin, Low Rider, Francisco Eskuderoren Akordeoi Konposizio Lehiaketako ekitaldia eta II. Zarautz Trik jaialdia izango dira; azken horretan Neomak taldea ariko da.

Itxaropenari eskainitako erakusketa

Aurten, 90 urte betetzen dira Itxaropena inprimategia sortu zela Zarautzen, eta urtemuga gogoan hartze aldera, Itxaropena Argitaldaria erakusketa zabalduko dute irailaren 29an Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan.

Myriam Gonzalez Txabarri erakusketen arduradunak aurreratu duenez, «erakusketaren helburua da Itxaropenak XX. mendean egindako lana erakustea, baina era berean bere edizio lana nabarmendu nahi dugu». Euskarari eta euskal kulturari eginiko ekarpena itzela izan zen, eta erakusketak hori gogora ekartzeko bidea emango duela azpimarratu du Gonzalez Txabarrik.

Mostrarekin batera, kultur arloko hainbat eragileren testuekin osatutako katalogoa argitaratuko dute. Gisa horretan, erakusketaren testuingurua azaltzeko eta hobeto ulertzeko aukera izango dute herritarrek nahiz bisitariek.

Itxaropena Argitaldaria erakusketa azaroaren 29ra arte izango da ikusgai, eta egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

Erlazionatuak