Tiloak plataformak elkarretaratzeak egingo ditu ostegunetan, bihartik hasita

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 12a, 12:00
Tiloak plataformak deitutako irail bukaerako elkarretaratzea. (Aritz Mutiozabal)

Iraileko udalbatzarrean aurkeztutako mozioari dagokionez, "etsigarritzat" jo dute plataformako kideek Udal Gobernuko ordezkariak ezkien mozketarekin zerikusi gutxi zuten gaien inguruan aritzea eta aurkeztutako alternatibak "serioski eztabaidatu" ez izana.

Tiloak plataformak mozioa aurkeztu zuen iraileko osoko bilkuran, EH BIldu eta Podemos Equo-Berdeak alderdien bitartez, ur saneamenduko obren ondorioz Nafarroa kalean egin nahi den ezki mozketa gelditzeko eskatuz eta pare bat alternatiba planteatuz. Era berean, zuhaitzak moztearen aurkako protesta egin zuten dozenaka herritarrek arratsaldean Lege Zaharren enparantzan.

Mozioak ez zuen aurrera egin, Udal Gobernuko udal taldeek (EAJk eta PSE-EEk) aurka bozkatu zutelako; EH Bilduk bat egin zuen plataformarekin, baina Podemos Equo-Berdea abstenitu egin zen. "Etsigarria izan zen ezkien mozketarekin zerikusi gutxi edo batere ez zuten gaien eta orokortasunen irakurketa entzutea", nabarmendu dute Tiloak plataformako kideek. Osoko bilkuran gertatu zena gertatu arren, mozketaren aurka jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute. 

Iraileko elkarretaratzeak izandako "arrakastaren" ondotik, mobilizazioak egingo dituzte ostegunero Lege Zaharren enparantzan, 19:00etatik aurrera. Bihar izango da lehena, eta astero 15 minutuko elkarretaratzea egin asmo dute. Izan ere, "lehen aldi hartan ehunka pertsona izan ziren, ideologia askotarikoak eta osoko bilkuran zeuden alderdi guztietako boto-emaileak, Tiloak plataformari laguntzera eta ezkiak mozteko hartutako erabakiagatik protesta egitera joan zirenak".

"Berehala baliogatu"

Mozioari dagokionez, plataformako kideek diote Udal Gobernuko alderdi politikoek, "alkatearen eta Lorazaintzako zinegotzi arduradunaren ahotan", ez zituztela aurkeztutako alternatibak "serioski eztabaidatu". Haien esanetan, "alkateak berehala baliogabetu zituen plataformak zirriborratutako alternatibak, argudiatuz bi proposamenak –kanalizazioak errepidean jartzea edo tunela egitea– errepideen foru-arauaren aurka zihoazela, lehenengo kasuan, edo teknikoki bideraezinak zirela, bigarrenean. Baina, egia esan, alkateak ezkutatu egiten du Foru Arauak salbuespenak onartzen dituela (1/2006 Foru Dekretu Arauemailea/Art. 47)".

Pentsaezina dela iritzi diote udalak mozketaren erabakia hartu izana beste aukera batzuk aztertu gabe, eta "irtenbideak" herritarren mugimendu batek bilatu behar izatea. "Tamalgarria da auziaren mamia baztertzea, egindako proposamenak bideraezinak direla argudiatuz. Berriro diogu, guk adibide gisa jarri ditugu eta ez dugu beste edozein irtenbide baztertzen", azpimarratu dute. 

Osoko bilkura amaituta, Xabier Txurruka alkateak Gipuzkoako Urak, Tecnigral eta Zarauzko Udaleko teknikariekin elkartzeko aukera eskaini zien. "Gure teknikariek, noski, egingo dute, hitz egiteko aukera emango diguten zirrikitu guztiak aprobetxatzen saiatuko gara, eta emaitza horien berri emango dugu", jakinarazi dute.