Bertakoak ekimenaren aurtengo edizioa "aparta" izan dela adierazi du udalak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 12a, 16:30
Pasa den larunbatean egin zituzten Bertakoak ekimeneko bazkariak. (Aritz Mutiozabal)

Pasa den asteburuan prestatu zituzten bazkariak jatorri desberdinetako zarauztarrek euren herrialdetako jakiekin herriko hainbat elkartetan, eta parte hartzaile kopuruak arkak hautsi zituen.

190 lagunek hartu zuten parte pasa den asteburuan aurtengo Bertakoak ekimenaren barruan egin ziren bazkarietan. 2014ko lehen ediziotik izan den parte hartzaile kopuru handiena. Jatorri anitzetako zarauztarrek prestatutako platerekin osatu zituzten otorduak eta giro "aparta" izan zela nabarmendu du Iratxe Zorrozua Inmigrazio zinegotziak. Horrekin batera, eskertuta azaldu da Zorrozua eta datozen edizioetan kultur aniztasunaren festa honek handitzen jarraitzea espero du: "Udalaren izenean parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu, gastronomia aitzakia hartuta, jatorri anitzekoak izan arren, denok ‘bertakoak’ garela erakusteagatik. Datorren urtean ekimen eder hau elkarte gehiagotara zabaltzea espero dugu.

Erlazionatuak

Bideoa: Bertakoak kulturarteko ekimena

Aritz Mutiozabal 2022 aza 06 Zarautz