9.700 euroko dirulagunza jaso du udalak malekoiko Kalistenia parkerako

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 27a, 11:30

Aldundiko Kirol Departamentuak lurraldeko kirol ekipamenduetara bideratutako funtsetatik jasoko du kopuru hori Zarautzek. Horrez gain, Azkoitiak, Getariak eta Zumaiak ere izango dituzte laguntzak, Aldundiak 256.000 euro eman baititu orotara Urola Kostako proiektuetarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 9.700 euro eman dizkio Zarauzko Udalari ekainean zabaldu zuten Kalistenia parkerako. 23.854,85 euroko aurrekontua izan zuen malekoian, Borghetton, eraiki zuten parke berri horrek, eta gastu horri aurre egiten baliatuko da dirulaguntza udalak.

Aldundiak hainbat laguntza-ildo ahalbidetu ditu azken urteetan lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko, eta, aurten, ohiko kirol-ekipamenduak ordezkatzea, lekualdatzea, birmoldatzea, handitzea eta birgaitzea erraztu nahi izan ditu. Hala, 256.000 euro bideratu ditu orotara Urola Kostara. Izan ere, Zarautzek jasotako dirulaguntzaz gain, Azkoitiak, Getariak eta Zumaiak ere jaso dituzte funtsak.

Harkaitz Millan Kiroletako diputatuaren hitzetan, “jarduera fisikoa egiteko hurbileko espazioak edukitzea biztanleriaren jarduera-mailetan eragina du”. Horregatik, espazio aproposenak eskaini nahi dizkietela azaldu du diputatuak.