Behin betiko onespena eman diote Eguzki Izarrako urbanizazio proiektuari

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 20a, 10:15
IƱurritzako Eguzki Izarra eremua. (Zarauzko Udala)

5,7 milioi euroko aurrekontua izango du eta 180 etxebizitza eraikitzeko lizentziak emango dituzte; horietatik 72 babestuak izango dira. Horrez gain, semaforodun beste pasabide bat eta biribilgunea egingo dituzte Nafarroa Kalean, baita Iñurritza erreka berreskuratzeko urratsak ere.

Zarauzko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onespena eman zion atzo Iñurritzako Eguzki Izarra jarduketa unitatea urbanizatzeko proiektuari. Hala, eremu horretan 180 etxebizitza eraikitzeko lizentzia eman aurreko urratsa egin dute. Xabier Txurruka alkateak zehaztu duenez, etxebizitzen %40 babestuak izango dira, 72 orotara: erdiak babes ofizialekoak eta beste erdiak tasatuak."Espero dugu laster deitzea hurrengo zozketa horietarako izena emateko epea" gaineratu du alkateak.

Urbanizazio proiektua aurrera eramateko, 5.733.080,24 euroko aurrekontua onartu du udalak, eta barruan sartzen dira ere Nafarroa kalean semaforoa izango duen oinezkoentzako beste pasabide bat egitea Eguzki Izarra etxea zenaren aurrealdean. Halaber, biribilgunea ere eraikiko dute Nafarroa kaleak Gipuzkoa kalearekin bat egiten duen eremuan.

Horrez gain, Iñurritza erreka berreskuratzea eta bertako hormak naturalizatzea ere aurreikusten du proiektuak, baita ibai-pasealekua sortzea ere.

Udalak behin betiko onartu berri duen urbanizazio proiektuari iraila amaieran eman zioten hasierako onespena, eta espedientea publiko egin eta alegazioak egiteko epea zabaldutakoan ez zuten bakar bat ere aurkeztu. Aurrez, 2021eko azaroan, Iñurritzako Pan Orokorraren aldaketa onartu zuten EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin; PSE-EE eta Podemos Equo-Berdeak udal taldeak, ordea, kontra agertu ziren.