Errotik aldatzen joan den moda

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 21a, 09:15

Nora Amorena Monte Albertiako Zuzendaria ikastetxearen 60. urteurreneko ospakizun ekitaldian. (Jabi Gonzalez Toston)

60 urte daramatza Monte Albertiak ikasleak estetikaren alorrean trebatzen. Irudi Pertsonaleko prestakuntzan espezializatuta dagoen Gipuzkoako zentro publiko bakarra da gaur egun, eta bere hastapenetan barnetegia ere izan zen.

Monte Albertia Irudi Pertsonaleko erdi eta goi mailako Lanbide Heziketa Zentroak 60 urte bete ditu aurten. Hori dela eta, urtebetetze ospakizuna egin zuten joan den ostiralean ikastetxean bertan. Jan-edanerako, umorerako eta urte horietan guztietan aldatu diren joeren errepasoa egiteko beta izan zuten Irudi Pertsonalaren eta Korporatiboaren Aholkularitzako goi-mailako zikloko ikasleek antolatutako festan. Bertan izan ziren, besteak beste, Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Antolamendu eta Plangintza zuzendaria eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea.

Asko dute kontatzeko Monte Albertiako artazi, orrazi edota makillajeko tresna guztiek ere, ikasle askoren eskuak trebatu zein buruak apaindu baitituzte. Hitzez esateko gaitasunik oraindik ez dute, ordea. Horregatik,  Nora Amorena ikastetxeko egungo zuzendaria arduratu da zentroak 1962tik gaur egunera arte izan duen garapena azaltzeaz. Zentzu horretan, Monte Albertiak egin duen jauzia azpimarratu du; izan ere, ile-apainketa eta estetika eskolak ematen zituen barnetegia izatetik, Irudi Pertsonaleko zortzi ziklo eskaintzen dituen ikastetxea bihurtu  da orain.

Gainera, eskaintza are gehiago zabaldu nahi dutela aitortu du zuzendariak: "Sektoreko heziketa ziklo guztiak eskaini nahi ditugu Irudi Pertsonaleko zentro espezializatua izateko. Bide horretan, Termalismo eta Ongizateko goi mailako zikloa eskatu dugu datorren ikasturterako; eta bi ikasturte barru Karakterizazioko zikloa eskaini nahiko genuke".
Eskaintza handitzeak ikasle gehiago erakarri ditu zentrora. Hori dela eta, lehen promozioak eman zituen ile-apaintzaile kopuruak ez du zerikusirik ikastetxearen gaur egungo ikasle kopuruarekin: 309 dira egun Monte Albertian matrikulatuta dauden ikasleak eta 30 izan ziren lehen promozioan. Gainera, lehen ikasleetako ia guztiak Espainiatik etorritakoak izan ziren. Gaur egun, aldiz, Euskal Herrikoak dira gehienak, nahiz eta kanpotik etorritakoak ere badiren.

Horrez gain, ikasle kopurua ere nabarmen handitu da: bost irakasle izatetik 45 izatera igaro dira. Hori bai, 1962ko barnetegian, beste hamar lagun ere aritzen ziren lanean. Orain, bi garbitzaile, administraria eta bedela ditu ikastetxeak.

San Inazio kaleko eraikina

Monte Albertiak bere bizi ibilbidearen zati handiena Zarauzko San Inazio kaleko 25. zenbakian egin baldin badu ere, ez zen bertan jaio. Valderro Jauregia izan zuen lehen etxea, baina 1964an bota egin behar izan zuten segurtasun neurriak betetzen ez zituelako, eta garaiko Seccion Femeninak Deban zuen apainketa eskolara bidali zituzten ikasleak egoitza berria eraiki bitartean.

Dena den, egungo eraikina txiki geratu zaiela ere badio Amorenak: "Gure Plan Estrategiko guztia aurrera eraman ahal izateko metro gehiago beharko genituzke. Beraz, ikastetxe handiagoa izatearekin ere amesten dugu".

Giza garapenak ekarri dituen aldaketa sozialek ere izan dute isla Monte Albertian: hasieran neska gazteak ziren ikasle guztiak, eta oraindik ere gehienak hala diren arren, gero eta mutil gazte gehiago matrikulatzen dira. Alde hori murrizten jarraitzea ere bada zuzendaritzaren erronketako bat: "Industriara emakume gehiago bideratu behar ditugula diogun bezalaxe, guk, bide beretik, diogu estereotipoekin hautsi behar dela, ez daudelako gizonezkoen lanak, ezta emakumezkoenak ere".

Bideo-elkarrizketa Nora Amorena Monte Albertiako zuzendariari