"Nire bizitza bestelakoa litzateke Monte Albertiara etorri izan ez banintz"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 21a, 09:30

Pili Samper, ile-apaintzaile jubilatua. (Jabi Gonzalez Toston)

Pili Samper Gracia (Luna, Zaragoza, Espainia, 1951) 16 urte zituela iritsi zen Zarautzera Monte Albertian estetika eta ile-apainketa ikasteko. 1969an inauguratu zuten eraikineko lehen promozioko kidea da, eta Zarautzera etortzeak bere bizitzan zeresana du. Izan ere, herrian ezkondu zen, bertan osatu zuen familia eta ile-apaindegi propioa ere zabaldu zuen.

Nola amaitu zuen 16 urteko Zaragozako  neskato batek Zarautzen?
Hiru ahizpetako zaharrena nintzen eta nire amak ni kanpora bidaltzeko erabakia hartu zuen ofizio bat ikas nezan. Garai hartan, frankismoan, ez zegoen aukera askorik emakumeontzat: ebaketa eta jantzigintza eskola, magisteritza, lorezaintza edota  estetika eta ile-apainketarena ziren bakarretakoak. Eremu jakin batean zegoen horietako bakoitza, eta nire amak Zarauzkora bidali ninduen.

Nola izan zenuten Monte Albertiaren berri?
Heraldo de Aragon egunkarian irakurri genuen iragarki bat, zeinak zioen Seccion Femeninako eskola profesionaletarako deialdiak zabaldu zituztela. Ageri ziren aukeren artean zegoen Zarauzkoa. Horrez gain, ebaketa eta jantzigintza eskola edota magisteritzakoa ere baziren Kataluniarako eta Madrilerako.

Zer aurkitu zenuen Zarautzera iritsitakoan?
Barnetegia zenez, gutxi ateratzen ginen kalera, asteburuetan baino ez zertxobait. Gainera, denok Espainia osotik etorritakoak ginenez, egoera berean geunden, baita bertakoak ere. Zarauztarra zen ikasleak ere barruan egon behar zuen gurekin.

Zentzu horretan esan behar dut ikaskide izan ginenok harreman estua izaten jarraitzen dugula oraindik, nahiz eta gehienak beren jaioterrietara itzuli ziren. Elkarren berri izateko Whatsapp taldea dugu eta egin ditugu topaketak. 50 urte bete genituenean, esaterako, Monte Albertiara itzuli ginen, egungo aterpetxean elkartu ginen.

Zer-nolako eragina izan du Monte Albertiak zure bizitzan? 
Sekulakoa. Etorri izan ez banintz, ez nintzateke naizena izango. Azken finean, ez nukeen nire senarra ezagutuko, eta ondorioz, izan ditugun hiru seme-alabak ere ez zirateken jaioko. Harengatik geratu nintzen Zarautzen, bestela, Zaragozara itzuliko nintzatekeen.

Aldi berean, eskolan ikasitakoak bizi osorako balio izan dit; izan ere, ezinbestekoak iruditzen zaizkidan giza balioetan hezi gintuzten: besteekiko errespetua izaten irakatsi ziguten, besteak onartzen eta haiekin bizitzen; adeitsuak izaten, azken batean. Horrez gain, langile eta kide onak izaten ere bai.

Zure ile-apaindegia ere zabaldu zenuen herrian. Nola izan zen hura?
20 urterekin zabaldu nuen. Senarrak eta biok etxea erosi genuen Laguntasuna Kooperatibako eraikinean, eta geletako batean jarri nuen ile-apaindegia. Gerora etxez aldatu ginen, eta ile-apaindegia ere bai. Hala ere, esan daiteke etxetik lan egiten jarraitu nuela: etxe azpiko lokala erosi genuen, eta bertan jarri nuen negozio berria. Gainera, etxea ile-apaindegiarekin lotzen zuen eskailera jarri genuen barrualdean. Jubilatu nintzenean eskailera kendu genuen, eta gaur egun beste ile-apaintzale bati alokatzen diogu lokala. Sekulako aldaketa izan da niretzat erretiroa hartzea; 44 urtez lanean aritu ondoren, jubilatu nintzenetik ez baitut ilerik moztu.

Eutsi al diozu harremana ikastetxearekin?
Hartu izan nuen Monte Albertiako ikasleren bat edo beste praktikak egiteko, eta erreleboa hartu zidan ile-apaintzailea ere bertako ikaslea izan zen, baina ez nuen aurrez ezagutzen. Hori bai, oso gizon jatorra da. Bestalde, negozioa izan nuenenean laguntzaile gisa kontratatu nuen langile bakarra eduki nuen Monte Albertiako ikasle izandakoa.

Erlazionatuak

Errotik aldatzen joan den moda

Jabi Gonzalez Toston 2022 abe 21 Zarautz