Beste bost haur parke berritzeko lanak abiatu dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 24a, 16:30
Iban San Martin zinegotzia berritzen hasi diren Duke Enea parkean. (Zarauzko Udala)

Joan den urtean ekin zion udalak herriko haur parkeen berritze planari eta bigarren fasea jarri berri du martxan. Azken Kalen eta Duke Enean ari dira lanean egunotan.

Zarauzko haur parkeak berritzeko udalak uda ostean abiatu zituen lanak martxan dira berriro ere. 2022a amaitu bitartean zortzi parke berritu zituzten eta prozesua amaitzeko geratzen diren bostei ekin diete, orain. Azken Kaleko eta Duke Eneako haur parkeetan hasi dituzte lanak, aste honetan bertan, eta Zelai Ondo, Kani Berri eta Urdaneta kalekoekin jarraituko dute ondoren.

Azken bost parke horiek berritzeko 257.603,88 euro bideratuko ditu udalak Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak zehaztu duenez, udaberrirako amaituko dituzte. Gainera, San Martinek aurreratu du aurrera begira "herriko beste hainbat parkeren berrikuntzak sustatzeko" lanean ari direla.