Merkatua Bizirik elkartearen sorrera ospatzeko festa antolatu dute ostiralerako

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 21a, 10:42
Artxiboko irudian, Merkatu plazaren barrualdea.

Musika emanaldiak eta jan-edana izango dira Merkatu plaza kanpoan, eta merkatuari buruzko informazioa ere banatuko dute antolatzaileek festa giroko hitzorduan.

Merkatua Bizirik elkarteak bere sorrera ospatu nahi du herritarrekin batera. Horregatik, festa giroko hitzordua antolatu du ostiralerako, hilaren 24rako. 18:00etatik aurrera musika emanaldiak eta jan-edana izango dira nagusi Merkatu plaza kanpoan.

Izan ere, Zarautz Trik kultur elkartekoen trikiti doinuak, Mikel eta Imanol txalapartariak, bertso sortak eta lopetarrak akustikoan entzuteko aukera izango dute festara joaten direnek, baita Arrain Zopakoekin kantuan aritzekoa ere. Horrez gain, parrila piztuko dute jaki goxoak eskaintzeko, eta txotxeko sagardoa ere egongo da.

Antolatzaileek festa aprobetxatuko dute merkatuari buruzko informazioa zabaltzeko. Merkatua Bizirik elkartea abenduan sortu zuten bertako hogeita lau negoziotako jabeek, Merkatua biziberritzeko proposamenak eta ekimenak eskaintzeko helburuarekin.