Basarri Bertsopaper Sarian lanak aurkezteko epea zabaldu dute

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 8a, 15:30
Basarri sariko garaile Aner Peritz bertsotan, txapela buruan duela. (Zarauzko Udala)

Ekainaren 21ean izango da horretarako azken eguna, eta garaileak 1.530 euroko saria jasoko du Bertso Astearen barruan.

Euskara eta bertsogintza sustatzeko asmoz, Zarauzko Udalak dagoeneko abian jarri du Basarri Bertsopaper Saria. Ibilbide eta sona handiko lehiaketa da herrikoa, eta aurtengoak jada 39. edizioa du; eskuragarri jarri dituzte lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta izen-emate orria.

Ohi bezala, sariketara aurkezten diren lan bakoitzak zortzi bertso izan behar ditu, gutxienez ere. Gaia librea izango da, eta bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan bidali ahal izango ditu, eta horiek originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute ezinbestean.

Lanak bidaltzeko epea ekainaren 21ean bukatuko da, eta posta elektronikoz aurkeztu beharko dira, kultura@zarautz.eus helbidera bidalita. Garaileak 1.530 euro garbi jasoko ditu eta bere izena garailea uztailaren 4an jakinaraziko dute; sari banaketa ekitaldia uztailean izango da, Bertso Astearen barruan. Aurtengo epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute.

Iaz, Aner Euzkitze bertsolari zarauztarrak irabazi zuen, Zopa hozten ari zaizu bertso sortarekin.