Rikardo Azkargorta: "Margotzeko denbora gutxi daukazunean, gutxiago ukitzen da dena eta emaitza hobea da"

Joane Alberdi eta Intza Trula 2023ko uzt. 10a, 11:00

Guztira hamairu parte-hartzaile izan zituen aurtengo Aire Zabaleko Pintura Lehiaketak, eta horietatik lau sarituak izan ziren aurkeztutako lanagatik.

Rikardo Azkargortak irabazi zuen atzo Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa. Villa Mundan inspiratutako lana aurkeztu zuen artistak, eta horri esker mila euroko saria jaso zuen. Guztira, hamairu lagunek aurkeztu zituzten obrak Ebro Etxearen aurrean, eta goiz osoan zehar egindako lanak saria izan zuen horietako lau partaiderentzat. 

LVIII. Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa izan zen atzokoa, Julian Ugarteren oroimenezkoaren XXIII. edizioa. 08:30etik 10:00etara bitartean eman zuten izena artistek, eta horrekin batera lanerako gaia era hautatu behar izan zuten: Ebro Etxea, Villa Munda eta Sanz Enea eraikuntzak izan zituzten aukeran.

Parte hartzaile gehienak Villa Mundan bildu ziren; horien artean zegoen, hain zuzen ere, Rikardo Azkargorta lehiaketako irabazlea. Hori horrela, goiz osoan zehar artelanak margotzen ibili ziren, teknika eta interpretazio libreak erabiliz, eta 13:30ean Ebro Etxean aurkeztu zituzten lan guztiak.

Amaitzeko, 14:00etan, epaimahaiak, lan guztiak aztertu ondoren, sari banaketari ekin zioten; lehiaketako lehenengo, bigarren eta hirugarren sariez gain, gazteen kategoriako saria ere banatu zuten.

Honako hauek izan ziren saridunak:

  • Lehen saria: Rikardo Azkargorta (1.000 euroko saria).
  • Bigarren saria: Juan Jose Katala (800 euroko saria).
  • Hirugarren saria: Juan Karlos Perez (500 euroko saria).
  • Gazteen Saria: Aroa Paskual (100 euroko saria).