Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

EH Bilduk aurrea hartu dio EAJri Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 23a, 22:57

Boto gutxiren aldearekin koalizioa nagusitu da gaurkoan: 4.273 boto jaso ditu EH Bilduk, eta 4.221, berriz, EAJk. 2019arekin alderatuta bost puntu irabazi ditu aurrenekoak, eta zortzi puntu galdu, berriz, bigarrenak.

Zenbatu dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako boto guztiak Zarautzen, eta 2019ko hauteskundeekin alderatuta, aldaketa etorri da herrira, EH Bilduk aurrea hartu baitio EAJri, boto gutxiren aldeagatik izan arren: 4.273 boto lortu ditu koalizioak, eta 4.221, berriz, EAJk –51 botoren aldea–. PSE-EE eta Sumar izan dira hurrengo indar bozkatuenak, 2.212 eta 1.109 botorekin, hurrenez hurren.

Parte hartzea 2019koaren bertsua izan da, %71,65ekoa; abstentzioa, berriz, 28,34koa. Emaitzak izan dira desberdinak, 2019an EAJk 5.319 boto jaso baitzituen, eta EH Bilduk, berriz, 3.544.

Emaitza guztiak hemen daude ikusgai.

Senatuko emaitzak, bestalde, bihar emango ditu ZARAUZKO HITZAk.

2019an EAJ indar bozkatuena

2019an bi aldiz egin ziren Espainiako Gorteetarako bozak. Apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren akordiorik ez zuten erdietsi alderdiek, eta azaroaren 10ean bigarrenez eman behar izan zuten botoa herritarrek. Zarautzen, apirilean %22,53koa izan zen abstentzioa, eta bost puntu handiagoa, azaroan, %27,79koa.

Orduan EAJk lortu zuen boto gehien (5.463 apirilean eta 5.319 azaroan). EH Bilduk, berriz, azaroan boto gehiago lortu zuen apirilean baino (3.544 eta 3.446, hurrenez hurren).

Podemosek 1.619 boto jaso zituen (apirilean 2.031), PSE-EEk 1.586 (apirilean 1.871), PPk 606 (apirilean 520), eta Voxek 175 (apirilean 173). Gainerako botoak alderdi txikiek jaso zituzten. Hemen daude ikusgai 2019ko emaitza guztiak.