Denboraleak bete-betean jo du kostaldea

Gorka Eizagirre 2023ko abu. 3a, 14:30

Atzotik alerta laranja ezarrita dago, olatu eta haize bolada gogorrengatik, baina arratsalderako baretzera joko du, eta abisu horia sartuko da indarrean.

Patricia depresioak bete-betean jo du euskal kostaldea, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du, olatu eta haize bolada bortitzengatik. Itsas barruan 3,5 eta 4 metroko olatuak espero ziren, baina eskualdeko itsasertzera iristerako nabarmen jaitsi dira. Hala ere, bi metroko olatu bortitzak eta itsaso zakarra utzi ditu denboraleak. 15:00etatik aurrera, abisu horia sartuko da indarrean, eta ostiraleko 18:00ak arte egongo da aktibo.

Hain justu, denboralea dela eta bertan behera utzi dituzte Zarautzen gaur arratsaldean egitekoak ziren kukaña eta ur jolasak.