SKAPAko jaiak 2023

Dena prest da SKAPAko jaietarako

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 9a, 11:00

SKAPAko jaietako ekitaldi bateko irudia.

Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbataldeko festak haurrentzako puzgarri eta tailerrekin hasiko dituzte bihar goizean. 16:00etan botako dute suziria, eta hortik aurrera, hiru egunez ekitaldiz josiko dituzte bazter guztiak.

Bihar, osteguna, hasiko dira SKAPAko jaiak; hots, Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbataldeko jaiak. Gazteen Egunak emango die hasiera hiru eguneko festei, eta goiz partean haurrentzat puzgarriak eta tailerrak egongo dira. Arratsaldean, suziria bota, eta era guztietako ekitaldiz beteko dituzte bazterrak gauera arte.

Ostirala Santa Klara eguna izango da, eta besteak beste, zumba saioa, mozorro lehiaketa eta kontzertuak antolatu dituzte: Merina Gris eta Funkiwi's taldeak igoko dira oholtzara. Gaua borobiltzeko, berriz, DJ Bon eta DJ Jan ibiliko dira musika jartzen.

Santa Klara bigarrenarekin amaituko dituzte hiru auzoetako festak, larunbatean. Jan-edanak protagonismo berezia izango du azken egun horretan: marmitako eta patata tortilla eta postre lehiaketak egingo dituzte, poteoa, eta baita herri bazkaria ere. Gau partean, berriz, bertso saioa izango da punta-puntako bertsolariekin –Nerea Elustondo, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Oier Aizpurua eta Maialen Lujanbio–, eta Fan & Go taldearen musika alaiarekin agurtuko dituzte festak, hurrengo urtera arte.

Abuztuak 10, osteguna, Gazteen Eguna

  • 10:00etik 14:00etara. Puzgarriak eta tailerrak haurrentzat Txipristin taldearekin, Plaza Gorrian.
  • 16:00. Suziria jaiei hasiera emateko, Goizeko Ihintza txistularien laguntzarekin.
  • 16:30. Auzo olinpiadak haurrentzat, Plaza Gorrian.
  • 18:00. Azken Portuko Auzo Krosa, Plaza Gorrian. Hiru mailatan banatuta egongo da: 5 urte arteko maila, 6-9 urte artekoa eta 10-14 urte bitartekoa. Parte hartzaileen artean Arrivatiko izozkiak eta JMko jostailuak banatuko dituzte.
  • 19:00. Jalgi taldearen dantza erakustaldia, Plaza Gorrian.
  • 19:30. Txokolatada gozozale guztientzat, Eroskiren eskutik.
  • 20:00. Altxorraren Bila Santa Klara komentuaren ingurua ezagutzeko. Hasi baino lehen izango da izena emateko aukera, Plaza Gorrian. Taldeka parte hartu behar da eta adin txikiko taldeek heldu bat izan behar dute arduradun.
  • Jarraian. Afaria Santa Klara parkean.
  • 21:30. Txirrindularitza Kriteriuma, kadete eta jubenil mailako neska-mutilentzat.
  • 23:30. Eire taldearen kontzertua.
  • 00:45. Dupla taldearen kontzertua.

Abuztuak 11, ostirala, Santa Klara Eguna

  • 09:00. Goizeko Ihintza txistulariak.
  • 10:00. Buruhandiak, Plaza Gorrian.
  • 10:30. Marrazki festa haurrentzat, Plaza Gorrian. Parte hartzaileen artean Bina-Binako izozkiak eta JMko jostailuak banatuko dira 13:00ak aldera.
  • 12:00. Auzoko erretiratuentzat hamabitakoa, Urpekoak elkartean, Urpekoak elkarteak eskainita.
  • 12:30. Azken Portuko txaranga.
  • 17:30. Zumba saioa, Yasmilka Rodriguezen eskutik, txosnagunean.
  • 18:00. Zarautz Trik.
  • 18:00etatik 19:00etara. Mozorro lehiaketan izen-ematea, Plaza Gorrian. Aurtengo gaia: Obrak.
  • 18:30. Parrilla jana, Plaza Gorrian. Inguruko etxeetako balkoietatik izara, arropa eta antzekoak kentzea gomendatzen da.
  • 19:00. Herri kirol jaialdia, Plaza Gorrian. Izetaren eskolako harri-jasotzaileek eta aizkolariek parte hartuko dute.
  • 19:30. Azken Portuko txaranga.
  • 23:15. Merina Gris.
  • 00:45. Funkiwi's.
  • 02:00. DJ Bon eta DJ Jan.

Abuztuak 12, larunbata, Santa Klara bigarrena

  • 09:00. Txistulariak.
  • 10:30. Patxi Iruretagoienaren X. Marmitako Lehiaketa Plaza Gorrian.
  • 11:30. Toka eta Xakela haurrentzat.
  • 12:30. Patata tortilla eta postre lehiaketa.
  • 13:00. Auzo bazkarirako toki-hartzea.
  • Ondoren. Auzo poteoa bazkaldu aurretik.
  • 13:45- 14:00. Lehiaketako marmitakoak oholtza gainean aurkeztu.
  • 15:00. Auzo bazkaria. Juan Joxe Markaideren oroimenez arrain-zopa eta Gure Boza taldekoen Otxotia emanaldia.
  • Bazkalostean. Lehiaketak, sari banaketak eta omenaldiak.
  • Ondoren. Auzoan barrena poteo girotua.
  • 22:00. Bertso saioa Plaza Gorrian: Nerea Elustondo, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Oier Aizpurua eta Maialen Lujanbio.
  • 00:00. Fan & Go erromeri taldea.