Euskal Astea 2023

Arratsaldez ere gozatzen jarraitu dute haurrek

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 19:00

Haurren Euskal Jai Eguneko ospakizunek Iñurritzan jarraitu dute arratsaldean. Neska-mutikoek kalejiran bertaratu dira Alde Zaharretik, Gipuzkoa kalea osorik zeharkatuta, txikienak gurasoekin batera eta nagusiagoak lagunartean.

Goizean eta eguerdian dantzarien emanaldiak izan dira nagusia, Haurren Euskal Jai Egunean. Aurten, Jalgi dantza taldearekin batera, Oñati, Mutriku, Zumarraga eta Usurbilgoak aritu dira kalez kale dantza saioak eskaintzen. 

Ospakizunek arratsaldean jarraituko dute, baina Iñurritzako zelaian eta inguruetan. Lehenik eta behin, kalejira irten dira Musika Plazatik,  buruhandi, erraldoi, Zarautz Trik eta Ustekabe txarangarekin. Ohi bezala, parte hartze jendetsua izan du, eta Gipuzkoa kalean zehar hainbat geldialdi egin ondoren, azkenean iritsi dira Iñurritzara. Bertan, haurrei zuzendutako puzgarriak izan dira, baita dantzaldia ere.