"Ondo pasatzeko ez ezik, argi gorria pizteko ere bagaude"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 13a, 09:15

Orain arte izan ez duen euskara taldea du Zarautzek: Zirika. Sortzaileek bihar azalduko dituzte beren asmoak jendaurrean, 18:00etatik aurrera, Gaztelekuan, baina jada aurreratu dute euskaraz gozatzea dutela xede. Goizane Arana eta Marian Galarraga Zirika elkarteko kideek hala eman dute aditzera.

Antzeman duzuen hutsuneren bat betetzera al dator Zirika?

Goizane Arana: Bai. Egia da aurrez ere izan direla euskalgintzaren inguruko hainbat mugimendu Zarautzen; beraz, ez gatoz zerotik, baina sentitzen genuen herrigintzatik euskararen alde eragiteko talde batek ere hor egon behar zuela. Pertsona batek beste hainbat zirikatu gintuen, eta horrela hasi ginen biltzen, zer egingo genuen pentsatzeko. Egia esan, denbora gutxi pasatu da pentsatzetik ekitera.

Marian Galarraga: Euskararen zenbait arlotan Zarautzek eredugarri izan behar duela pentsatzen dugu, herri euskalduna baita. Zentzu horretan, herrian euskara elkarterik ez egotea bete beharreko hutsunea zela iruditzen zitzaigun, eta taldea osatzeko ez dugu jendea gehiegi berotu behar izan. Taldekideen artean Euskaraldietan parte hartze aktiboa izan duten herritarrak daude; bazegoen nahia eta gogoa.

Eta zein dira taldearen helburu nagusiak?

M. G.: Batez ere, ongi pasatzea da gure asmoa, eta topagune izatea esparru anitzetako eta era askotako euskaltzaleentzat; izan ere, denok dugu amankomunean euskararekiko maitasuna eta euskaraz bizitzeko nahia.

G. A.: Hori da Zirikaren abiapuntua, hain justu. Elkarrekin euskaraz gozatzeko espazio erosoa sortu nahi dugu. Era berean, eta, Marianek esandakoaren bidetik, herri euskalduna da Zarautz, baina hizkuntza paisaian gaztelaniak ere oso presentzia handia du, kalean asko entzuten baita. Ondorioz, argi dago badagoela zer egina. 

Horrez gain, kanpotik iristen zaizkigun euskararen aurkako erasoei erantzuteko tresna izan behar du Zirikiak. Zentzu horretan, ondo pasatzeko euskarazko ekimenak bultzatzeaz gain, zirikatzaile ere izan nahi dugu.

M. G.: Azken finean, argi gorria pizteko ere bagaude erasoak edo gabeziak antzematen ditugunean. Halakoetan, gainera, orokorra da egin nahi dugun deia, ez udalari eta erakundeei zuzendutakoa soilik. Herritarrei ere esan nahi diegu adi egon daitezela eta esku hartu dezatela badagoelako zer hobetua. Zarautzen euskararen egoera ona da beste herri batzuetan dutenarekin alderatuta, baina zaurgarria da, era berean, eta erabilera gehiago bultzatu behar da. 

Beraz, nolako ekintzak bultzatuko dituzue?

M. G.: Dagoeneko lotu ditugu hainbat. Biharko aurkezpena izango da lehenengoa, noski. Nahita antolatu dugu orain, Euskal Astearen ondoren eta ikasturtearen hasieran, olatua baliatu nahi dugulako. Ondoren, gosaria egingo dugu urriaren 7an, eta talde handi samarra biltzea nahiko genuke datorren urteari begira zer jarduera eta lanketa egin ditzakegun pentsatzeko. Azken finean, zertarako prest gauden eta taldea zertarako nahi dugun eztabaidatu nahi dugu. 

Azaroaren 11rako, San Martin Egunerako, berriz, kantu bazkaria antolatu dugu. Ilusio handia egiten digun zerbait da, Lapurdin indar handia dutelako kantu bazkariek, baina hemen ohitura galtzen ari gara, eta berreskuratu egin nahiko genuke. 

Abendurako ere badugu beste jarduera bat esku artean, zeinarekin euskararen eta hainbat jatorritako jendearen egoeraz hausnartu nahi dugun. Urtea amaitu bitartean, ekintza bat egingo dugu hilero.

Dena den, herritarrek uztailean izan zuten zuen berri, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udaletako barne funtzionamendua euskara hutsean egitearen kontra kaleratutako ebazpena salatzeko mobilizazioa deitu zenutenean. Orduan izan zenuten bezainbesteko atxikimendua espero duzue bihar?

G. A.: Jende asko mobilizatzea lortu genuen orduan, eta izan daiteke egoera berezia zelako jaso genuela halako erantzuna. Dena den, oraingoan ere Gaztelekura jende dezente bertaratzea espero dugu, izan ere, hainbat herritarren aldetik sumatu dugu gogoa. Jendeak sentitzen du badagoela talde baten beharra Zarautzek euskalduna izaten jarraitzeko lan egingo duena; garrantzitsutzat jotzen dute hori. 

Elkarretaratzeari lotuta, bestalde, kasualitatea izan zen. Konstituzionalaren epaia iritsi zenerako elkartzen hasiak ginen; epaia onartezina iruditu zitzaigun, eta taldea sortu behar genuela argi genuen bezalaxe, argi izan genuen hari ere erantzun beharra zegoela. Gainera, protestak taldera jende gehiago batzeko balio izan zuen.

Biharkoak ere badu asmo hori, ezta? 

M. G.: Bai, jende gehiago gerturaraztea da helburua. Bereziki, gazteak animatu nahi ditugu taldera, falta ditugulako. Lan guztietarako behar ditugu kolaboratzaileak; gauza txikietan lagunduko dute batzuek eta izango dira handiagoetan parte hartuko dutenak, baina guztiak dira baliagarriak. Gainera, ez dute zertan batzorde guztietan parte hartu, baina haien iritzia ere jakin nahi dugu.

Ba al duzue harremanik beste euskara talde batzuekin?

M. G.: Bai. Hasieratik izan gara hartu-emanean Euskaltzaleen Topagunearekin, eta Zumaiako Larraina euskara taldearekin ere hitz egin dugu. 

G. A.: Elkartea eratzeko estatutuak eta beste zenbait izapide egin behar dira, eta beste talde batzuen ereduak ezagutzeak asko lagundu digu lan horretan.