Frank Delgadok kubako esentziaz girotuko du Modelo

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 25a, 16:30

Ostiralean eskainiko du kontzertua, 20:00etan hasita, eta abeslari kubatarra beste musikarirekin batera igoko da oholtza gainera.

La Nueva Trova mugimenduko abeslari kubatarra da Frank Delgado, eta Habanako eta Euskal Herriko kultura uztartzen dituen La Casa de la Bombilla Verde aretoaren bitartez ari da hainbat emanaldi eskaintzen euskal oholtzetan. Ostiral honetan, 20:00etatik aurrera, Modelo aretoan ariko da, Miguel A. Valdés eta Yibrán Rivero lagun dituela.

Honakoa ez da Euskal Herria bisitatzen duen lehen aldia, izan ere, 90eko hamarkada hasieran Silvio Rodriguezekin batera aritu zen jotzen Bilboko La Casillan. Horrez gain, beste hainbat musikari entzutetsurekin ibili izan da: Luis Eduardo Aute eta Fito Paez, esaterako. Berria egunkariak elkarrizketatu egin zuen, bere etorreraren harira, eta ondorengoa adierazi zuen: "Kubako trobadoreok gauza asko bistaratu ditugu". Bere abesti ezagunena La otra orilla da, Miamiko kosta estatubatuarrari buruzkoa.

Kontzerturako sarrerak 6 euro balio du, eta Modeloko txarteldegian eros daiteke edo Kutxabank-eko atari digitalean. Bestalde, Zarauzko Udaleko Kultura sailaren eskutik, Zarauzko Hitzak hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu.