Isilaldi sentitua Ivan Illarramendiren hilketa gaitzesteko

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 9a, 13:30

Hainbat ordezkari politiko nahiz herritar batu dira eguerdian Lege Zaharren Enparantzan egin duten elkarretaratzean. Alkateak jakinarazi du Illarramendiren hilotza Zarauzko hilerrian enterratuko dutela.

Zarauzko Udalak elkarretaratze isila deitu du gaur eguerdian, Ivan Illarramendiren hilketa gaitzesteko. Hainbat ordezkari politikok eta herritarrek egin dute bat Lege Zaharren Enparantzan aita zarauztarra eta ama getariarra zuen Illarramendiren eta haren bikote Loren Garcovichenen hilketak irmoki salatzeko eta, era berean, haien familiei doluminak eta elkartasuna adierazteko.

Elkarretaratzeko lehen lerroan jarri dira Xabier Txurruka alkatea eta udal taldeetako bozeramaile Jesus Arana (EAJ), Itziar Murua (EH Bildu) eta Gloria Vazquez (PSEE-EE).  Baita Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendari Noemi Ostolaza eta Goizane Alvarez eta Azahara Dominguez foru diputatuak. Haien atzean, hainbat zinegotzi eta askotariko herritar bildu dira.

Bost minutuko isilunea egin dute, eta ekitaldia txalo zaparrada batekin biribildu dute. Amaieran, enparantza hartu duten komunikabide andanaren aurrean, Xabier Txurruka alkateak Zarauzko Udalak atzo argitaratutako adierazpena irakurri du. Era berean, jakinarazi du Illarramendiren familiak senitartekoek Zarauzko hilerrian duten panteoian enterratuko dutela haren hilotza, eta parrokian egingo dutela hileta elizkizuna hilaren 17an.