'Euskararen Eguna Egunero' aldarrikatuz dator Abenduaren 3a

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 19a, 13:00

Xantal Olaskoagaren proposamenak irabazi du Euskararen Eguneko pegatina lehiaketa, eta bere irudiak ilustratuko du aurtengo kartela. Udaleko Euskara departamentuak egitaraua aurkeztu du.

Euskararen Egunaren atarian, Zarauzko Udaleko Euskara departamentuak aurtengo kartela eta egitaraua aurkeztu ditu. Ostiral eguerdian egin zuten horretarako agerraldia, eta, bidez batez, aurtengo pegatina lehiaketako sarituei banatu zizkieten opariak. Zarauzko ikasleek bidalitako proposamenen bitartez aukeratzen da Euskararen Egunetako kartela ilustratzeko irudia, eta aurten Salbatore Mitxelena Ikastolako Xantal Olaskoagarenak irabazi du.

Irune Urbieta Euskara zinegotziak azaldu du zarauztarren artean "hitz egingo al dugu euskara?" galdera egitea nahiko lukeela, eta "erantzukizunez" erantzutea, "kontuan hartuta euskara dela Europako hizkuntza bizi zaharrena". Harago ere joan nahi izan zuen zinegotziak, eta beste mezu bat ere helarazi nahi izan zuen, hau da, Olaskoagak bere proposamenean aurkeztutako Euskararen Eguna Egunero leloa.

Hauek izan dira gainerako beste hiru irabazleak:  bigarren saria: Sofia Ezenarro (La Salle DBH3); hirugarren saria, Nora Aranguren (Antoniano DBH 3); eta aipamen berezia, Iker Ferrera (Lizardi DBH 3). Guztiek, Urbietaren eskutik jaso zituzten sariak.

Urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte; gehientsuena ikastetxeetako ikasleentzat zuzenduak, baina zenbaitzuk herritar ororentzat. Hain justu ere, zarauztarra guztientzako den ekimen berri bat jarriko dute abian datorren astean, Murkil dendarien elkartearekin elkarlanean. Gure hitz kuttunak izena du, eta bezeroek gustukoen duten euskarazko hitza aurkeztu ahalko dute, bihar hasi eta azaroaren 26a bitartean, herriko 39 establezimendutan.

EGITARAUA

  • Azaroak 20-26. Gure hitz kuttunak ekimena, Murkil elkarteko dendetan).
  • Azaroak 22, asteazkena. Uemak antolaturiko Arnasetik! bideo sormen lehiaketaren sari banaketa.
  • Azaroak 29, abenduak 1 eta 4. Peru eta otsoa antzezlana, Modelo aretoan. Zarauzko ikastetxeetako ikasleentzat
  • Azaroak 21-abenduak 2. Apaxi ipuin kontalaria; ikastetxeetan bertan, DBH1 eta 2ko ikasleentzat.
  • Azaroak 27, astelehena. Baga, biga, higa: euskal musikagintzaren historia emanaldia, Modelo aretoan 1. Batxilergoko eta 1. Lanbide Heziketako ikasleentzat.
  • Azaroak 28 eta 29, asteartea eta asteazkena. Txikiren bakarrizketa, Antoniano aretoan. 2. Batxilergoko eta 2. Lanbide Heziketako ikasleentzat.
  • Abenduak 1, ostirala. Literatur emanaldi musikatua, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 2, larunbata. Haurrentzako zinea euskaraz, Modelo aretoan.
  • Abenduak 3, igandea. Eingo taldearekin erromeria, 18:00etan, Musika Plazan.