"Oso gustura gaude Espainiako Gabonetako Loteriaren sari nagusia bigarrenez banatu dugulako"

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2023ko abe. 22a, 16:30

Amaia eta Gemma Silvan ahizpek 3,2 milioi euro banatu dituzte 88.008 zenbaki irabazleko zortzi dezimo saldu dituztelako. Gogotsu ospatu dute xanpaina eta guzti.

Maxi Eroskin dagoen loteria administrazioan egokitu da Espainiako Gabonetako Loteriaren sari potoloaren zati bat. Zortzi dezimo saldu dituzte bertan, eta, ondorioz, 3,2 milioi banatu dituzte. Pozez hartu dute administrazioko arduradunek, Amaia eta Gemma Silvan ahizpek. Bigarrenak lanean jaso du albistea eta lehenengoa jakin duen bezain pronto gerturatu da ahizparengana elkarrekin ospatzeko.

Azaldu dutenez, honakoa ez da Espainiako Gabonetako Loteriako sari nagusia eman duten lehenengo aldia, baina bai diru gehien banatu dutena; izan ere, 2018an bi izan ziren saldu zituzten dezimoak. Makinakoak orduan ere. Gaurkoan, gainera, bosgarren saria banatu dutela esan diete hasiera batean, nahiz eta gero Donostiako delegazioko arduradunak zehaztu dien ez dela hala izan. Dena den, sari potoloarekin aski dutela eta "oso gustura" daudela nabarmendu dute.