EH Bildu: "Udaltzainak armatuta joateak ez du ezer lagunduko"

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 12a, 14:20
Zarauzko Udaltzaingoa. (Zarauzko Udala)

Zarauzko koalizio abertzaleak Twitter bidez agertu du bere kezka, eta bere iritziz, EAEko Justizia Auzitegiak sententzian hartutako erabakia "ez da bidezkoa, ezta arrazoizkoa ere".

ERNE sindikatuari arrazoia eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak agindua eman dio Zarauzko Udalari Udaltzaingoa suzko armaz hornitzeko. EH Bilduk berehala erreakzionatu du auzitegiaren ebazpenaren aurrean, eta bere Twitter kontuan adierazi du kezka handia sorrarazten diola gaiak. "Gure Udaltzaingoaren eredua herritarrak erdigunean jarri eta gertutasunean eta prebentzioan oinarritutakoa da, eta udaltzainak armatuta joateak ez du horretan ezer lagunduko", nabarmendu du.

Zarauzko koalizio abertzalearen ustez, EAEko Justizia Auzitegiak sententzia horretan egin duen interpretazioa eta hartu duen erabakia "ez da bidezkoa, ezta arrazoizkoa ere".  EH Bilduren iritziz, gainera, erabaki judizialak "toki-autonomia bortxatzen" du.

"Arkautetik datorren sistema bateratuak ere ez du batere laguntzen nahiko genukeen hurbiltasun horretan. Horregatik eskatu genuen Zarauzko Udaltzaingoa kontratatzeko prozesua Zarauzko Udalaren gain hartzeko partida bat irekitzea 2024ko aurrekontuetarako", gogora ekarri du koalizioak txio bidez.