'Crossfit'-ak Aritzbataldeko igerilekua nahiz pilotalekua hartu ditu oso-osorik

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 13a, 15:30

Bidasoaldeko hainbat aretok osatzen duten Northfit taldeak txapelketa antolatu du Zarautzen eta goraino bete dute kiroldegia. Asteburu osoa iraungo du ekimenak.

Euskal Herri osotik etorritako crossfit zaleek bat egin dute gaur goizean Aritzbatalden, eta, ez dira bertatik mugituko bihar arratsaldera; izan ere Zarautz Northfit 3.0 txapelketa ari dira jokatzen. Irungo (Gipuzkoa), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Hendaiazko (Lapurdi) hiru crossfit aretok osatu duten Northfit taldeak antolatu du ekitaldia eta jendetza erakarri du; izan ere, parte hartzen ari diren 672 kirolariez harago haiek ikustera bertaratu diren beste ehunka lagun ere bertaratu dira. Gainera, Euskal Herritik ez ezik, Espainiako eta Frantzia Hegoaldeko hainbat txokotatik ere etorri dira.

Guztira lau proba eta biharko finala izango dira jokatu dituztenak eta horietako bi dagoeneko jokatu dituzte. Goizean lehiatu dituzte, hain justu: bata, igerilekuan, eta, bestea, frontoian. Gaurko 16:00etatik 21:00etara jokatuko duten hirugarrena eta biharko laugarrena eta finala ere pilotalekuan izango dira.

672 kirolariak hiru laguneko taldetan eta zazpi kategoriatan banatuta ari dira jokatzen: Rx kategorian, 42 talde gizonezkoetan eta 14 emakumezkoetan; Intermediate kategorian, 56 talde gizonezkoetan eta 42 emakumezkoetan; Scaled kategorian, 28na talde sexu bakoizteko lehiaketan, eta, 35 urtetik gorakoen kategorian, azkenik, 14. Azken kategoria horretan gizonezkoen taldeak bakarrik ari dira parte hartzen.

Kirol ekitaldia girotzeko, musika, animatzaileak eta taberna ere jarri dute animatzaileek pilotalekuan. Tabernan, hori bai, ez dira alkoholik saltzen ari, kafea, ura eta freskagarriak baino ez. Horrekin batera, jatekoa ere jarri dute ikusleen eskura: ogitartekoak, bolatxo energetikoak eta bestelakoak. Halaber, crossfitari loturiko arropa saltzeko denda ere jarri dute.