Sagardo Egunak giro polita sortu du eguerdian Lege Zaharren enparantzan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 21a, 17:02

Bederatzi sagardo ekoizleren sagardoaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek, baita pintxo mokadu goxoak ahoratzekoa ere. Ohi bezala, Zurekin elkarteak herriko ostalarien lana aitortu du festaren hasiera ekitaldian, eta aurtengoan Kirkilla jatetxeko Romero Ameztoi eta Iñaki Olazabal Paxo senar-emazteak izan dira omenduak. Semeek egin diete aurreskua, eta bertso, lore sorta, txapel eta bestelako oroigarririk ere ez da falta izan.

Sagardo Eguna ospatu dute gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan. Bederatzi sagardotegi animatu dira bertako edaria eskaintzera, eta Euskal Parrillak haragi pintxoak jarri ditu herritarren eskura. Eguraldia lagun, jende ugari elkartu da hasi berri den sagardo denboraldi berriko uzta probatzera.

Festa hasi aurretik, ohi bezala, Zurekin ostalari elkarteak herriko ostalariei aitortza egin die, eta aurten, Kirkilla jatetxea 40 urtez gidatu duten senar-emazteak omendu dituzte: Romero Ameztoi eta Iñaki Olazabal Paxo.

Zurekin elkartearen izenean, Martin Argiñanok egin die ongietorria omenduei: "Bikote maitatua eta berezia dira, eta guretzat ere omenaldi hau berezia da. Bizitza osoan egin dute lan ostalaritzan, eta ez hori bakarrik: Zurekin elkartean ere herriko ostalaritzaren alde egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkiegu", esan du. Txalo zaparrada artean igo dira omenduak oholtzara, eta txapela eta zapia jarri dizkiete, baita lore sortak eta bestelako oroigarriak eman ere. Ostalari elkartekoek ez ezik, jatetxeko langileek ere eman dizkiete loreak eta oroigarriak iaz arte beren nagusiak izan direnei.

Aurresku bereziena

Ondoren aurreskua dantzatu diete, baina ez edonork: bikotearen hiru semeek egin diete dantza gurasoei. Omenaldia amaitzeko, berriz, Motxian-Etxebeltzeko Markel Eizagirre eta Amets Aizpurua bertsolariek bina bertso abestu dizkiete bikoteari, eta azken horiek ere hartu dute mikrofonoa, "denei eskerrak" emateko "jasotako maitasun guztiagatik". Omenaldian hunkituta egon dira, baina ohikoa duten umorea ere agertu da haien ahoetan: "Beti saiatu izan gara bezeroei tratu ona ematen, zeren, horrela, legatza puntu-puntuan ez badago ere, barkatu egiten dute", bota du Ameztoik. Hitzartzearen une batean senarrari eskerrak eman dizkio bera agoantatzeagatik, eta atzean, senarrak baietz eta baietz egin du buruarekin, denei barrea eraginez.

Leire Arana zinegotziak ere hitz batzuk eskaini dizkie omenduei. Ameztoi eta Olazabal "herrian aski ezagunak eta maitatuak" direla esan du, eta ondo merezita zeukatela gaurko omenaldia.

Sagardo Egunari dagokionez, berriz, Aranak azpimarratu du udalarentzat "oso garrantzitsua" dela Zurekin elkarteak Sagardo Eguna antolatzea, "gure usadioaren, tradizioaren, kulturaren isla delako". Eskerrak eman dizkie upategiei "uzta berria probatzeko aukera emateagatik", eta Zurekini, "urtero-urtero ekitaldia antolatzeagatik".