Ameztoi eta 'Paxo': "Lan asko egin dugu, baina baita lagun asko ere"

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2024ko urt. 22a, 16:30

Sagardo Eguna ospatu zuten atzo eguerdian Lege Zaharren Enparantzan, eta ohi bezala, Zurekin ostalari elkarteak herriko ostalaritzari aitortza egin zion. 40 urtez Kirkilla jatetxeaz arduratu diren Romero Ameztoi eta Iñaki Olazabal Paxo omendu dituzte aurten, eta haiekin hitz egin zuen hedabide honek omenaldiaren amaieran. Herritarrentzat hitz goxoak izan zituzten, eta atzera begira jarrita, pasarte barregarri bat edo beste ere kontatu zuten.

Sagardo Eguna ospatu zuten atzo eguerdian Lege Zaharren Enparantzan, eta jan-edanaz gozatzeaz gain, herritarrek aukera izan zuten herrian oso ezagunak eta maitatuak diren bikote bat omentzeko: Kirkilla jatetxeko Romero Ameztoi eta Iñaki Olazabal Paxo.

Zurekin elkarteak egin zien omenaldia, urtero herriko ostalariren bati egiten baitio aitortza, eta oraingoan Kirkillakoak izan ziren protagonista; 40 urteren ondoren, iaz hartu zuten erretiroa, lekukoa semeei emanda. Hain zuzen, bikotearen hiru semeak atera ziren plazara gurasoei aurreskua dantzatzera. Hemen dago ikusgai argazki bilduma.

Omenaldiaren amaieran, pozik ziren senar-emazteak, ondoko bideoan ikus daitekeenez.