Inauteriak 2024

Aurten ere ez dute hutsik egingo galtxagorriek

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 7a, 09:00

Ostiralean izango da kalejira, 18:45ean, Imanol Urbieta Musika Eskola paretik hasita. Euskal mitologia izango dute ardatz ohiko legez, eta herriko kaleetan ibiliko dira bai haurrak eta bai helduak.

Hirugarren urtez, aurten ere Galtxagorrien Jaitsiera egingo dute herrian inauteriei hasiera emateko. Ostiralean izango da hori, 18:45ean, Imanol Urbieta Musika Eskola paretik hasita. Euskal mitologia izango dute ardatz ohiko legez, eta herriko kaleetan ibiliko dira bai haurrak eta bai helduak. Horretaz gain, Zarakatun batukadaren, ZarautzTriken eta Goizeko Ihintzaren musikaren laguntza izango dute. 

Kasino kaletik jarraitu eta Gipuzkoa kalera joango dira ondoren euskal mitologia irudikatuko duten hainbat eta hainbat pertsonai: Galtxagorriak beraiek, Lamiak, Sorginak eta Jentilak. Kale Nagusira igaroko dira segidan, eta Musika Plazan geldialdi txiki bat egin ondoren, Zigordia kaletik Lege Zaharren Enparantzara iritsiko dira. Leku horretan akelarre txiki bat eta bost dantza eskainiko dituzte parte hartzaileek, eta handik Frontoi Txikira joango dira, kalejira bertan amaitzeko.