Cimasub jaialdiaren tourra gaur iritsiko da herrira

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 14a, 09:00
'The Shark with a Thousand Names' dokumentaleko irudia. (Cimasub)

Zikloak iraungo dituen hiru asteetan egunik beteena izango da gaurkoa; izan ere, goizetik hasiko dute Txikizikloarekin. Arratsaldean, berriz, Merkatu Plazako lehenengo solairuan ikusgai izango den erakusketa inauguratuko dute eta Modelon lehenengo bideo emankizuna eskainiko dute.

Itsaspeko irudiek protagonismo berezia izango dute Zarautzen datozen hiru asteetan; izan ere, gaur abiatuko dute Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Ekimena 14. aldiz iritsiko da Zarautzera eta herriko ikastetxeetako 10 eta 12 urte arteko ikasleek inauguratuko dute; izan ere, haiei zuzenduriko Txikizikloa izango da jaialdiko lehenengo jarduera. 296 ikasle izango direnez, bi saiotan banatuta egingo dute, Modelon: 09:30ean, lehenengoa, eta 10:45ean, bigarrena.

Arratsaldean, berriz, hilaren 29ra arte ikusgai izango den argazki erakusketa zabalduko dute 17:00etan, Merkatu Plazako lehenengo solairuan, eta, Modelon, lehenengo film laburrak eta dokumentala eskainiko dituzte 19:00etatik aurrera.

Hauetxek dira gaur emango dituzten lanak:

  • Film laburrak: Night Flight. Mantas in the Night, Emerald Sanctuary, Tiempo, The silent invasion of the mediterranean sea, Estres, Itsaso Bizia, Underwater Komodo eta Veo veo.
  • Dokumentala: The Shark with a Thousand Names.

Guztiak ere maila handiko lanak dira; izan ere, joan den azaroan Donostian egin zuten Cimasub jaialdiko nazioarteko lehiaketan saritu zituzten, nahiz eta ez ziren irabazleak izan. Horiek hilaren 28ko, asteazkena, azken saioan emango dituzte.