40 urte hegan hasi zenetik

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 15a, 10:30

Arrano Kabia elkartearen 40. urteurrena iragartzeko joan den astean ateratako talde argazkia. Arrano kabia elkartea

Ospakizun urtea izango da 2024a Arrano elkartearentzat. Hala, egitarauari eta sorrerari buruzko azalpenak eman dituzte Garazi Mugerzak eta Marije Zumetak. 

Arrano Kabia kultur elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, dozenaka ekitaldi antolatu ditu urte osorako. Inauteriak aitzakia hartuta, larunbatean abiatu zituen ospakizunak, hain justu, karaoke eta guzti. Dena den, aurrez, joan den ostegunean, talde argazkia atera zuten urteurrena iragartzeko.

Garazi Mugerza (Eibar, Gipuzkoa, 1987) batzordekidearen esanetan, ez dute festa egun handi bat zehaztu nahi izan, "nahiz eta izango diren ekintza batzuk beste batzuk baino handiagoak". Horren arrazoia zein den ere azaldu du: "Arrano zabaltzea ez zen egun bakarreko kontua izan. Prozesu bat egon zen horren atzean, eta horri eman nahi izan diogu garrantzia, ez tabernak ateak zabaldu zituen egunari soilik".

Bada, Arrano zabaltzeko lan haiek nolakoak izan ziren ondo gogoan du Marije Zumetak (Zarautz, 1953); izan ere, parte hartu zuen bete-betean: "Ezker abertzalearen bueltan ibiltzen ginen hiruzpalau emakume elkartzeko toki egoki baten bila hasi ginen, artean ez genuelako ganorazko espaziorik. Halako batean, Mondragones tabernako Miren Osa gerturatu zitzaigun lokala utzi behar zutelako eta aproposa izan zitekeelako. Hark eta senarrak kudeatzen zuten taberna, baina ez ziren jabeak. Familia batena zen eraikin osoa, eta goitik behera saldu nahi zuen herentzia banatzeko. Beraz, taberna nahi bagenuen, haren gaineko lau solairuak ere erosi beharko genituen. Garaiko 21 milioi pezeta eta erdi eskatzen zituzten jabeek".

21,5 milioi pezetaren truke erosi zuten Arrano eta haren gaineko eraikina

Zumetak azaldu duenez, aurrera egitea erabaki zuten eraikina oso ondo kokatuta zegoelako, «herrigunearen erdi-erdian», eta "posible" ikusten zutelako kopuru horretara iristea hainbat lagun elkartuta: "Oso argi genuen guk bakarrik ezin geniola gastu horri aurre egin. Horregatik, bazkide bila hasi ginen, eta 100.000 pezeta eskatu genizkion bakoitzari. Ehun lagunetik gora animatu ziren, eta espero ez genuen laguntza ere jaso genuen; zeren, bazkide egin ez ziren hainbat herritarrek dirua utzi ziguten. Dena den, zailtasun ekonomikoak ere izan genituen aurreikusi ez genituen gastu gehigarriak izan genituelako. Udalari bi milioi pezeta ordaindu behar izan genizkion erosketagatik, adibidez, eta obra ere egin genuen".

Zarauztarrak azaldu du, halaber, hasiera batean hiru solairutako etxebizitzak saltzeko asmoa bazuten ere, azkenean, bitakoak baino ez zituztela saldu: «Lehenengo solairua elkarte gastronomikoarentzat nahi genuen, baina bigarrena ere hartu genuen bilerak egiteko». Behin eraikina erosi zutenean herritar batek esan ziena ere ez du ahaztu Zumetak: "Gurea Bastillaren Hartzea bezalakoa zela esan zigun, gerra aurretik Batzokia zegoelako bertan".

Ixteko aginduaren mamua

Auzitegi Nazionalaren 2014ko sententziak kezka eragiten die oraindik

Arrano jaio zenetik igaro diren 40 urte hauetan guztietan, elkartean "denetik" bizi izan dutela diote arduradunek: "Ikuskizun zoragarriak, parrandak eta auzolan orduak, pozak eta tristurak, kolpeak eta une hunkigarriak". Zentzu horretan, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014an eman zuen eta Gorenak 2015ean berretsi zuen epaia izan zen kolpe gogorrenetakoa; izan ere, 107 Herriko Taberna ixtea agindu zuten. Tartean, Zarauzko Arrano. Ordutik jada hamar urte igaro badira ere, "sententzia oraindik ez da guztiz gauzatu eta ez dakigu gauzatuko ote duten ere", dio Mugerzak. Horregatik, aitortu du "kezka" ez dutela guztiz uxatu, "mamu hori existitzen delako oraindik eta airean dagoelako zer gertatuko den".

Zumetak, bere aldetik, salatu du "ezpata izugarria" dutela gainean, eta "oztopatu" egiten dituela aurrera eraman nahiko lituzketen zenbait jarduera: "Duela urte batzuk elkartea berritu genuen, baina egin genuena baino obra sakonagoa behar dugu, sukaldea handitzeko, adibidez, eta ezin dugu halakorik egin".

Nolanahi ere, batzordekideak nabarmendu du Espainiako auzitegien epaiak ez duela Arranoren filosofian eraginik izango: "Elkartean hasieratik izan dugu argi sententzia ez dela mugatzailea izango. Gure proiektuari eutsiko diogu eta bidea egiten jarraituko dugu herritarrei espazio hau eskaintzen segitzeko".

Orotariko ekitaldiak

Bi emakumeek azpimarratu dutenez, "herri mugimenduko eragileentzako bilgunea" izan da Arrano bere hastapenetatik, baita harremanak eraikitzeko aterpea ere. Horregatik, festari ez ezik, aldarrikapen ekitaldiei ere egingo diete tartea 40. urteurreneko ospakizunetan: "Orain arte egin dugun bezalaxe, kultur eskaintza eta politikoa landuko ditugu. Dena den, egitaraua ez dugu itxita, eta herritarren proposamenak jaso nahi ditugu; gure helbide elektronikora (arrano@arrano.eus) igor ditzakete. Horrez gain, argazkiak biltzen ari gara, 40 urteko ibilbidean bizitakoa irudietan jasoko duen erakusketa osatu nahi dugulako", azaldu du Mugerzak.

Jada lotuta dituzten ekitaldiak martxokoak dira. Hilaren 1ean, ostirala, poesia errezitaldia egingo dute 18:30ean, eta 15ean, ostirala, era berean, mus txapelketa. Zehaztu dutenez, egunean bertan zabalduko dute izen ematea 20:00etan, eta 21:00etatik aurrera ekingo diote lehiari. Maiatzerako, berriz, jardunaldi politikoak antolatu dituzte, baina datarik ez dute zehaztu oraindik.

Emakumeek zabaldutako atea

Marije Zumetak azaldu duenez, emakume taldetxo baten ekimenez sortu zuten Zarauzko Arrano Kabia elkartea, eta, "emakume bazkideak izan zituen herriko lehenengo elkarte gastronomikoa" izan zela nabarmendu du: "Garai hartan ez zituzten emakumeak bazkide gisa onartzen elkarteetan, eta zenbait herri eta hiritan urte luzeetako borroka izan dute hori lortzeko".

Hori horrela, Arranok beti izan ditu emakumeak bazkideen artean. Asko dira gaur egun ere, nahiz eta Garazi Mugerza batzordekideak aitortu duen oraindik ez direla gehiengoa: "157 bazkide ditu elkarteak, guztira, eta ez zaigu asko falta gehiengoa izateko".