Bota dute Lanpardo kaleko udal eraikin zaharra

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 15a, 16:00
Hondea makina bat Lanpardo kaleko eraikina eraisteko lanetan. (Zarauzko Udala)

Abendu amaieran hasi zituzten eraisketa lanak, ondoren, babes ofizialeko alokairura bideratuko dituzten 25 etxebizitza eraikitzeko.

Azken txanpan dira joan den urtearen amaieran Lanpardo kalean abiatu zituzten udal eraikin zaharra eraisteko lanak. Ryde Obras y Servicios SL enpresa ari da lan horiek aurrera eramaten eta dagoeneko bota du eraikina. Hala, hondakinak jasotzen ari da orain, eremua garbitzeko, ondoren, etxebizitzak eraiki ahal izateko.

Alokairu sozialera bideratuko dituzten Babes Ofizialeko 25 etxebizitza izango dira bertan eraikiko dituztenak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu Zarauzko Udalak utzitako lurzatian. Nolanahi ere, proiektua lizitazio prozesuan dago oraindik.