Biharko plenoan onartuko dute Jose Angel Iribar herriko seme kutun izendatzea

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 28a, 14:30
Zarauzko Udalbatza joan den hileko ohiko osoko bilkuran. (Gorka Eizagirre)

Bidaiarien hiri garraioko zerbitzu publikoa kontratatzeko lizitazioaren oinarriak eta deialdia ere hizpide izango dute, baita ostalaritza establezimenduetako terrazak arautzeko udal ordenantza ere.

Zarauzko Udalak bihar egingo du otsaileko osoko bilkura, 19:00etan hasita, udaletxeko batzar aretoan. Ohi bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute herritarrek streaming bidez, udalaren webgunean.

Bertan landuko dituzten gaien artean onartuko dute Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia herriko seme kutun izendatzea. Xabier Txurrukak joan den hilaren amaieran aurreratu zuen otsaileko plenora eramango zutela proposamena, eta, hala, biharko jakinaraziko dute noiz egingo duten aitortza ekitaldia.

Horrez gain, bidaiarien hiri garraioko zerbitzu publikoa kontratatzeko lizitazioaren oinarriak eta deialdia egitea onartuko dute udalbatzarrean, baita ostalaritza establezimenduetako terrazak arautzeko udal ordenantza ere.