Zarauzko seme kutun izendatuko dute Jose Angel Iribar

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 29a, 12:00

Jose Angel Iribar eskerrak ematen San Mameseko atarian, haren omenez jarritako estatuaren inaugurazioan. (Athletic)

Otsaileko ohiko osoko bilkuran onartuko dute udalean ordezkatuta dauden taldeek. Azaldu dutenez, hainbat herritarrek egin dute proposamena.

Jose Angel Iribar Zarauzko Makatza baserrian jaiotako Athleticeko atezain mitikoak beste omenaldi jasoko du aurki. Oraingoan, jaioterrian bertan jasoko du, gaienera, Zarauzko seme kutun izendatuko baitute. Xabier Txurruka alkateak bere Facebookean jakinarazi duenez, hainbat herritarrek eskaera egin ondoren, alkateak berak egin zuen proposamena azaroaren 24ko udaleko bozeramaileen batzordean, eta, otsaileko ohiko osoko bilkuran onartuko dute.

Iribarrek 80 urte bete zituen joan den urteko martxoaren lehenean eta ordutik omenaldi ugari jaso ditu, esan bezala. Joan den abenduan, esaterako, hari eskainitako eskultura jarri zuten San Mameseko estadioaren atarian eta haren kirol ibilbideari buruzko dokumentala ere estreinatu dute Primeran plataforman.

Atezain ohia zarauztarrak 1962tik 80ra jokatu zuen Bilboko taldean eta epe horretan lortu zituen titulu esanguratsuenen artean, bi Espainiako Kopa irabazi zituen 1969an eta 1973an, baita ligako atezain onenaren Zamora saria irabazi ere, 1969-1970 denboraldian. Ligarik ezin izan zuen irabazi, baina bigarren sailkatu zen liga hartan Atletico Madril irabazlearengandik puntu bakarrera. Horrez gain, 1964ko Europako Txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin.

Palmares hori are gehiago zabaltzeko aukerak ere izan zituen Iribarrek, 1977an, UEFA Kopako finalera sailkatu baitzen. Turingo (Italia) Juventusen aurka jokatu zuen final Athleticek final hura –artean bi partidetara jokatzen zuten, berdinketa geratuz gero, etxetik kanpoko golek balio bikoitza zutela– eta itzulerakoa 1-2 irabaztea lortu bazuen ere, ez zen aski izan joaneko 1-0a gainditzeko. Hala, txapeldunorde geratu zen Iribarren taldea.

Atezaina baino gehiago

Atezain ez ezik, futbol entrenatzaile ere izan zen Makatza baserrikoa. Arlo horretan, euskal selekzioko hautatzaile gisa egin zituen urte gehien; 1999tik 2010era, hain zuzen ere. Athleticeko lehenengo taldea, berriz, denboraldi bakarrean zuzendu zuen 1986-1987koan. Gaur egun, Athleticeko Jokalari Ohien Elkarteko presidentea da. 2006an izendatu zuten.

Iribarri lotuta, halaber, haren irudi ezagunenetakoa da Inaxio Kortabarria Realeko kapitain ohiarekin batera 1976ko abenduan jokatu zuten derbia utzi zuena. Ikurrina eusten zelairatu ziren biak eta erdiko biribilean utzi zuten erakusgai. Franco diktadorea hil ondoren, jendaurrean erakusten zuten lehenengo aldietako bat izan zen.

Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar Realeko eta Athleticeko kapitain ohiak ikurrina eusten, 1976eko abenduan jokatutako derbian. (Utzitakoa)