Ongietorria egingo diote Nadia Erostarberi arratsaldean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 5a, 10:30
Nadia Erostarbe eskuinean, Puerto Ricon jokatutako Munduko Txapelketako podiumean. (Pablo Jimenez / ISA)

Herritarren eta udaleko ordezkarien harrera jasoko du surflariak Munduko Txapelketan laugarren sailkatu eta Parisko Jokoetarako txartela lortu ondoren. 20:00etan jarri dute hitzordua Lege Zaharren enparantzan.

Nadia Erostarbe surflaria gaur itzuliko da herrira Puerto Ricon egindako balentriaren ondoren. Zarauztarrak laugarren postua lortu du han jokatutako Munduko Txapelketan eta Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko txartela ziurtatu du, aldi berean. Hala, herrikideek eta agintariek harrera beroa egingo diote iluntzean Zarautzera iritsitakoan.

Surf elkarteak zehaztu duenez, Erostarbe 17:00ak aldera helduko da aireportura eta bertan ere egingo diote harrera Munduko Txapelketan parte hartu duten gainerako euskal surflariekin batera; izan ere, lau izan dira Olinpiar Jokoetarako txartel preziatua lortu dutenak. Tartean, eskualdeko beste ordezkari bat: Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarra, hain zuzen ere.

Zarautzen egingo dioten ongietorritako, berriz, 20:00etan jarri dute hitzordua Lege Zaharren Enparantzan, eta, surf elkarteak taulekin joateko deia egin die herriko surflariei.