Naiara Villasante: "Polita izango zela bai, baina ez nuen uste finala irabaziko nuenik"

Andrea Zipitria 2024ko mar. 13a, 17:00
Naiara Villasante junior mailako Espainiako Judo Txapelketako finala irabazi berritan, garaipena ospatzen. (Espainiako Judo Federzioa)

Judo Klub Lizardiko kirolariak lehenengo urrea eman zion larunbatean Zarauzko taldeari Espainiako Txapelketa batean. Txapelketara "nahiko urduri" iritsi bazen ere, "ondo kontzentratzea" lortu zuela dio zarauztarrak. Garaipena taldeari eskaini dio.

Naiara Villasante Judo Klub Lizardiko kideak urrezko domina lortu du junior mailako Espainiako Txapelketan. Larunbatean lortu zuen Argeda del Reyen (Madril, Espainia), 70 kiloz azpiko kategorian, eta lehenengoa da Zarauzko taldearentzat bere 25 urteko historian. Aurrez lortuak zituen zilarrezko hiru domina eta brontzezko sei, baina urrerik sekula ez.

Espero al zenuen urrezko domina eskuratzea Espainiako Txapelketan?

Nahiko urduri iritsi nintzen txapelketara. Jakin banekien ondo eginez gero, eta kontzentratuta egonez gero, emaitza ederra lortzeko aukera nuela. Hala ere, hasierako borrokaldiak gogorrak egin zitzaizkidan, eta horiek irabazita ere ez nuen espero urrezko domina eskuratzea; polita izango zela bai, baina ez nuen errealitate gisa ikusten. Gainera, finaleko borrokaldia nahiko urduri hasi nuen. Izan ere, ezaguna nuen aurkaria. Aurrez bi borrokaldi eduki nituen beraren aurka, eta biak galdu nituen. Kontzentratuta atera nintzen, ordea, eta irabaztea lortu nuen. Oso pozik nago eskuratutako emaitzarekin, baita klubari eskertuta ere. Beraiei zor diet garaipena. 

Junior mailan lortu duzu Espainiako txapeldun izatea. Aurrez, ordea, lehiatu duzu azpiko kategorietan ere. Orain arte lortu al duzu urrea leporatzea?

Espainia mailan sailkatzea lortu nuen infantil mailako lehenengo urtean. Oso txikia nintzen orduan, eta gozatzeko helburuarekin joan nintzen. Ikusi nuen parte-hartzaileek maila handia zutela, eta asko entrenatu behar zela horraino iristeko. Senior mailan ere sailkatu izan naiz, maila horretan Euskadin ez baitzegoen jende askorik, baina inoiz ez dut ezer irabazteko aukerarik izan. Azken finean, gero eta txapelketa gehiagotara joanez ikasten da, eta azken bi urteak baliagarriak izan zaizkit jakiteko zein mailatan nagoen, eta baita aurkari gehiago ezagutzeko ere.

Datorren urterako ametsik ba al duzu? Zerbait lortzea gustatuko al litzaizuke?

Datorren urtean zer gertatuko den ez dakit. Judoak hori du.  Faktore askok eragiten dute: nola zauden fisikoki eta buruz, zein den zure egoera, asko entrenatzeko aukerarik baduzun ala ez... Halaber, borrokaldi bat hasi aurretik inoiz ezin da jakin nork irabaziko duen. Nik, esaterako, kadete mailan emaitza kaskarrak lortu nituen. 63 kilo azpiko mailan negoen, eta 70 kilo azpiko mailara igo nintzenan ikusi nuen, dudan altueragatik, aurrekoa ez zela nire maila. Pisua ere alderdi garrantzitsua da.