Izetako Gotzon Iruretagoiena Gipuzkoako ordezkari Txuleta Festako Maestro Parrillero lehiaketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 16a, 13:02

Penintsula osoko 42 ordezkari ari dira lehiatzen txuleta onena nork prestatuko, eta zarauztarra lehenengo txandan aritu da. Profesionalak lehiatzen diren bitartean, herritar eta bisitariak hasi dira sabela betetzen, gauera arte egongo delako jan-edanerako aukera Zarautz Arraun Elkarteak Munoan jarritako karpan.

Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Munoa plazako karpak Txuleta Festa hartzeko, eta gaur egun osoan egongo da zabalik. 10:00etan ireki dute, eta aurreneko ordutik sortu da giroa, Okelanek antolatu duen Maestro Parrillero lehiaketaren harira. Izan ere, penintsula osoko 42 parrillerok erreko dute txuleta goiz eta arratsalde, eta epaimahaikideek erabakiko dute nor izango den aurtengo garailea. Iluntzean jakingo da hori.

Lehiaketa eguerdia baino lehen hasi da, eta aurreneko txandan aritu da Gotzon Iruretagoiena zarauztarra Gipuzkoa ordezkatzen –Okelanen bezeroek aukeratu dituzte partaideak lurraldez lurralde–. Izeta sagardotegiko semeak 20 urte daramatza txuletak erretzen, eta esan du "betiko lana" egingo duela lehiaketan. "Ez naiz esperimentatzen hasiko, egunero egiten duguna egingo dugu, eta kito". Iruretagoienarentzat inportanteena da "txuleta alde batetik ondo sellatu eta barrutik beroa egotea eta bere gatza edukitzea".

Halako ekitaldiak "gehiago" egitea nahiko luke izetatarrak, "giro polita jartzen dutelako".

Lehiaketarako aukeratutako generoa ere gustatu zaio zarauztarrari; "txuleta ederrak dira, ez dago aitzakiarik". Izan ere, antolatzaileek partaideen aurrean moztu dituzten lehiaketako txuleta zati guztiak –Azpeitiko Elormenditxo baserriko Sebastian Zubizarretaren behien haragia erabili dute–, eta adi jarraitu dute prozesua lehiakideek. Ondoren, zozketa bidez erabaki da zati bakoitza zer partaiderentzat izango den. 

Jan-edana, goizetik gauera

Lehiaketak iraun bitartean, eta baita hori amaitzen denean ere, herritarrek eta bisitariek txuleta dastatzeko aukera dute karpan jarri dituzte mahaietan, eta nahiago duenak kroketak eta txistorra ere baditu aukeran. Edateko, berriz, urarekin konformatzen ez denarentzat askotariko edariak dituzte, baita txotxeko sagardoa ere.

Zarautz Arraun Elkarteak antolatu du jaia –iaz izan zen aurreneko edizioa, klubaren 40. urteurrenarekin bat–, eta elkarteko boluntarioak ari dira jan-edana zerbitzatzen.

Txuletak erretzeaz, berriz, Euskal Parrillakoak arduratuko dira; Joxe Inazio Atorrasagasti eta Aratz Arregi oriotarrak. Iaz 3.000 txuleta zati erre omen zituzten Txuleta Festan, eta aurten hori baino gutxiago ez dute banatu nahi oriotarrek, umoretsu azaldu dutenez.

Honakoa da gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 10:00. Irekiera eta Maestro Parrillero lehiaketaren aurkezpena.
  • 11:00. Finalaurrekoa: iparraldea eta ekialdea.
  • 13:30. Lehen sektoreari omenaldia eta sari banaketa.
  • 16:00. Finalaurrekoa: erdialdea eta hegoaldea.
  • 18:30. Herri kirolak eta sari banaketa.
  • 19:30. Lehiaketako final handia.
  • 20:30. Sari banaketa.
  • 23:30 arte. Sukaldea eta barra irekita. Txartelak salgai egongo dira txartel lehiatilan.

Bihar, igandea

  • 11:00. Txuleta Festa Bandera lehiaketaren hasiera.
  • 13:30. Sari banaketa.
  • 18:00. Festaren amaiera eta itxiera.