EH Bilduk Euskal Jaietarako proposamenak egin ditu, udal gobernuaren asmoak "prentsaren bitartez" jakin ondoren

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 18a, 10:30
Iazko Euskal Jai Eguna. (Artxiboa)

Talde soberanistaren ustez, "udal gobernuak kasu gehienetan planteatzen ez dituen gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu partaidetzak, benetakoa dela bermatzeko".

Joan den astean jakinarazi zuen Zarauzko Udalak Euskal Jai Egunerako herritarrek proposamenak bilduko dituztela galdetegi baten bitartez, baita udalean lantalde bat sortu dutela hori lantzeko ere. Zarauzko EH Bilduk albiste horri erantzun dio orain, eta azaldu dute "prentsaren bitartez" izan dutela udal gobernuaren ekintzen berri. 

Horretaz gain, adierazi dute "EAJren parte hartzearen kontzeptua EH Bildurenaren oso bestelakoa" dela. Talde soberanistaren ustez, "udal gobernuak kasu gehienetan planteatzen ez dituen gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu partaidetzak, benetakoa dela bermatzeko". Besteak beste, oso "garrantzitsua" ikusten du ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarjartzea, horrek hausnarketa bateratua ahalbidetzen baitu eta ondorioz, emaitzak "askoz aberatsagoak" baitira. Hori horrela izanda, EH Bilduk gehitu du bi proposamen helarazi zizkiola udal gobernuari pasa den osteguneko bilkuran.

Alde batetik, EH Bilduko zinegotziek udal mailan antolatutako lantaldean parte hartzeko eskaera egin zuten, “ordezkari politikoen partaidetzarekin” diotenean, EH Bilduko zinegotziak hala direla ulertuta. Beste aldetik, bilera irekiak antolatzea proposatu zuen taldeak, galdetegi baten emaitzak baino "askoz prozesu eta emaitza aberasgarriagoak" lortuko direla argudiatuta. Hau da, EH Bildu "ziur" dago Euskal Jaien inguruan herritarrek dituzten bizipenak, nahiak eta proposamenak "anitzagoak" izango direla elkarrizketarako gune eta uneak antolatuta eta horietan ideiak elkarren artean harilkatzeko aukera emanda.