Martxan da Lizardi Sarien 43. edizioa

Intza Trula 2024ko api. 2a, 14:34
Lizardi Sarien 41. edizioko sari banaketa Modelo Aretoan. (Intza Trula)

Haur literatura du oinarri Lizardi Sarien 43. edizioak, eta lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 14a izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edizio honetan ez da ohiko sari banaketarik egingo.

Abian da Lizardi Saria literatur lehiaketaren 43. edizioa, eta parte hartzeko interesa dutenek uztailaren 14ra bitarte izango dute lanak aurkezteko aukera. Hain justu, 43. edizioa haur literaturari zuzendutakoa izango da, beraz, parte hartzaileek 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako lanak aurkeztu beharko dituzte. 42. edizioan, epaimahaiak horrela erabakita, saria eman gabe utzi zuten, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ez da sari banaketa ekitaldirik egingo.

Lanik onenak 5.500 euro jasoko ditu eta Zarauzko Udalak 1.000 euroz lagunduko du ilustratzailea, liburuaren "bikaintasuna" sustatzeko. Halaber, irabazlearen liburua 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko da.

Hori horrela, sariketan parte hartzeko ondorengo baldintzak beteko dituzte literatur obrek: jatorriz euskaraz idatziak, originalak, inoiz argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izango dira, eta 22.000 eta 34.000 karaktere artean izango dituzte. Partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez dezake, eta 7 eta 12 urte arteko irakurleentzat zuzendutakoak izango dira.

Parte hartu nahi dutenek uztailaren 14a baino lehen bidali beharko dituzte lanak, eta irabazlea irailaren 27an jakinaraziko dute. Honako lotura honetan ikus daitezke oinarri guztiak, baita lanak aurkezteko bideak ere.