Urola Kostako GKSk dio bere jardun politikoa "kriminalizatu" nahian dabilela udala

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 10a, 15:00
Joan martxoan herrian agertutako pintadetako bat. (Zarauzko Udala)

Udalbatzak onartutako mozioari erantzunez, gazte antolakunde politikoak defendatu du pintaden erabilera "zilegia" izateaz gain, erakundeetatik kanpo jarduten duten kolektiboentzat "aldarrikapenak egiteko modu bakarretakoa" dela.

Zarauzko Udalbatzak joan den martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zuen mozioari erantzun dio Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak. Herrian agertutako pintadak gaitzetsi zituen udalak EAJren eta PSE-EEren udal taldeen babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Horren aurrean, gazte antolakundeak salatu du udala GKSren jardun politikoa "kriminalizatu" nahian dabilela eta pintaden erabilera "zilegia" dela aldarrikatu du: "Aldarrikapen politikoak egiteko modu bakarretakoa da instituzioetatik kanpo antolatzen garenontzat".

Ildo beretik, GKSk dio bere jarduera aurrera eramateko duen "espazio bakarra kalea" dela: "Langile antolakuntza indartzeko, emantzipatzeko ezintasuna salatzeko edota emakume langileen borroka bultzatzeko". Era berean, dio mozioak "argi erakusten" duela politika ulertzeko eta egiteko "bi modu" daudela: "Politikari profesionalena, batetik, eta langileriaren antolakuntza independentea, bestetik. Jakina da lehenak bigarrena jazartzen duela etengabe".

Hori horrela, alkateari berari zuzendutako pintadak ere defendatu ditu gazte antolakunde politikoak: "udalaren ordezkari nagusiaren kritika publikoa zilegi eta beharrezkoa dela deritzogu, horretarako bitartekoak edozein direla ere".

Azken horren harira, GKSk zehaztu egin du zer zioen alkatearen aurkako pintadak: Pleonoan aipatu ez zuten arren, Amenabar diruzale, Txurruka ere bai zihoen alderdi guztiek alderdi guztiek aho batez gaitzetsi zuten pintadak. Eraso onartezintzat jo duten esaldi horrek, ordea, gure herriko etxebizitzaren arazoaren erantzuleak seinalatu besterik ez du egiten". Horren harira, gazte antolakundeak salatu du azken urteetako etxebizitza politikek "milioika euroko diru-sarrerak" ekarri dizkietela eraikuntza eta higiezin enpresei, "gazteok emantzipatu ezinik jarraitzen dugun bitartean".