Askotariko emaitzak izan dituzte Eulen Nuuk taldeko txirrindulariek asteburuan

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 17a, 15:00
Taldeko txirrindularietako bat, asteburuan. (Eulen Nuuk Jira-Bira)

Nesken kasuan, Challenge Lea Artibai proban lehiatu ziren, eta mutilek Espainiako Kopako azken proba jokatu zuten Valladoliden (Espainia).

Asteburu bizia izan dute Eulen Nuuk taldeko txirrindulariek. Pasa den osteguneko aurkezpena eta gero, taldeko neska-mutilek lasterketak izan zituzten asteburuan, eta askotariko emaitzekin itzuli dira etxera.

Nesken kasuan, Challenge Lea Artibai proban lehiatu ziren Ekhiñe Rivas, Market, Lucile eta Maite Urtuaga. Larunbateko jardunaldian lau kilometroko erlojupekoa jokatu zuten, eta kolokazio teknikak garrantzia berezia izan zuen bertan. Igandekoan alderdi hori ez zen garrantzitsuena izan, eta mendateen gogortasunak baldintzatu zuen lasterketa. 

Mutilen kasuan, Valladoliden (Espainia) jokatu zuten Espainiako Kopako azken proba. 160 kilometroko lasterketa izan zen, eta Eulen Nuukeko txirrindulariek ez zuten zorte onena izan, erorketa jendetsu batek taldeko hiru txirrindulariri eragin baitzien. Asteburuan aipatzeko txirrindularien artean daude Otegi eta Ospital, lasterketan erabakigarria izan zen sprint-ean parte hartu baitzuten.

Neskek Balmasedan (Bizkaia) izango dute hurrengo proba hilaren 28an, eta mutilak larunbat honetan lehiatuko dira Natxituan (Bizkaia).