Bertsotan, potez pote, hainbat exijentzia egin dizkiote gazteek udalari asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 22a, 12:15
Hainbat gazte Barren plazan, Dandak larunbatean antolatutako bertso poteoan. (Danda)

Danda gazte asanbladak abiatutako Udalaren oztopoak borrokatu, Zarauzko gazteok antolatu dinamikaren barruan sinadura bilketa jarri dute martxan eta bertso poteoarekin eman diote hasiera.

Danda gaztea asanbladak aurrera jarraitzen du joan den urtarrilean abiatutako Udalaren oztopoak borrokatu, Zarauzko gazteok antolatu dinamikarekin, eta, bide horretan, bertso poteoa egin zuten larunbatean. Amets Aizpurua bertsolari getariarra eta Jakes Etxeberria zarauztarra aritu ziren kantuan eta arratsalde atsegina pasatu zuten haiengana gerturatu zirenek.

Horrez gain, sinadurak biltzen ere aritu ziren gazteak barren plazan udalari zuzendu dizkioten "exijentziak" lortzeko ahaleginean. Datozen asteetan ere ariko dira lan horretan eta gogoratu dute honako hauek direla eskaera nagusiak: Festetarako dirulaguntzan handitzea eta ordutegi eta soinu mugei jarritako mugak bertan behera uztea, espazio publikoaren erabilerarako burokraziarekin eta baimenak lortzeko zailtasunekin amaitzea, eta, propaganda politikoa egiteko aukerak bermatzea eta udalak bere "jarrera autoritarioan" atzera egitea.