Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8an Euskal Herria geldituko dugu!

Erabiltzailearen aurpegia SORTU ZARAUTZ 2018ko mar. 5a, 19:32

Aurtengo martxoaren 8a ezberdina izango da,Euskal Herriko Mugimendu Feministak Greba Feministarako deialdia egin baitu EMAKUMEOK PLANTO! leloarekin. Deialdi horri jarraituz, ekimenarekin bat egingo dute euskal sindikatuak lanuzteak legeztatuz lan merkatuan dauden emakumeek mobilizazioetan parte hartu ahal izateko horrela nahi izanez gero.

Martxoaren 8an urtero egiten diren mobilizazioei greba ekimena gehituko zaio beraz. Greba honen subjektu emakumeak izango dira eta izaera berezia izango du: zaintza greba, kontsumo greba, ikasle greba eta enplegu greba izango da. Emakumeok jendarte honetan egiten dugun ekarpenaren balioa eta garrantzia plazara ateratzea da helburua. Egiten dugun ekarpenari benetan duen balio politiko, ekonomiko eta sozialik ematen ez zaiola salatuko da. Eta batez ere, emakumeon egoera iraultzeko beharrezkoak diren aldaketa politiko eta sozialei bultzada berria emateko mobilizazio eguna izango da. Zarauzko Sortuk, deialdiarekin bat egin eta Zarauzko emakumeak planto egitera deitu nahi ditu.

Bukatzeko, Urola Kostako Koordinadora Feministak Zarautzen osatu duen egitaraua:

Martxoak 8, osteguna
10:00etatik aurrera, gunearen prestaketa. Egun osoan zabalik, Foruen plazan.
12:00. Emakumeon Planto Katea.
16:00. Kafe tertulia: zaintza erdigunera.
19:30. Manifa batukadarekin.
Egun osoan zehar mural margoketa.

Martxoak 9, ostirala
22:00. The Baboon Show eta Disaster Jacks taldeen kontzertua, Putzuzulo gaztetxean.

Mobilizazioetan ikusiko dugu elkar!