«Bat gehiago direla sentitzen lagunduko diegu ikasleei»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urr. 13a, 09:59
Ezkerretik hasita, Saavedra, Zumeta eta Azkune Ikaslagun taldeko koordinatzaileak (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Eulogio Saavedra, Marije Zumeta eta Iñaki Azkune Ikaslagun taldeko kideak dira, eta «ilusioz beteta» heldu diote proiektuari. Ikasketekin laguntzeaz gain, ikasleen integrazioa bultzatzea da euren asmoa.  

Hiruek esperientzia zabala dute irakaskuntzan. Eulogio Saavedrak 39 urtez jardun du irakasle lanetan Lehen Hezkuntzan, bereziki, 9-11 urte bitarteko ikasleekin, eta azken urteetan, helduekin ere bai. Marije Zumeta duela hiru urte aurrejubilatu zen, eta hainbat eta hainbat urte eman ditu adin guztietako haurrei eskolak ematen. Iñaki Azkune Azpeitiko zein Zarauzko institutuetan aritu da; guztira, 32 urtez.  Hiruek maite dute irakaskuntza, eta egun erretiratuta dauden arren, ez dute haurren heziketan parte izateko nahia galdu.

Nolatan elkartu zarete Ikaslagun taldea sortzeko?
Marije Zumeta: Nire kasuan, kasualitatez izan zen. Hauteskunde mahai batean nengoen, ahaldun gisa, eta ondoan egungo zinegotzi bat egokitu zitzaidan. Hitz egiten ari ginela, galdetu zidan ea prest egongo nintzaken proiektuan parte hartzeko. Ezbairik gabe, prest nengoela esan nion. Handik denbora batera, deitu zidaten, eta elkartu eta bilerak egiten hasi ginen.
Eulogio Saavedra: Bertakoak ekimenean, etorkinekin egindako bazkari batean, Julen Aranguren Immigrazio teknikariarekin egin nuen topo. Libre samar nenbilela esan nion, eta laguntzeko prest nengoela zerbait egonez gero. Hurrengo urtean deitu zidan, eta parte hartzera animatu nintzen.
Iñaki Azkune: Nik Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikariaren bidez izan nuen egitasmoaren berri. Nire ikaslea izan zen Azpeitin, eta esan nion erretiroa hartu ondoren ere noiz edo noiz laguntzera joaten nintzela kasu bereziei. Egia esan, arreta berezia gehiago gustatu izan zait eskola arruntak zuzentzea baino. Orain, esperientzia hartuta eta lasaiago nagoela, Ikaslagunen parte hartzea erabaki dut.

Arreta berezia aipatu duzu. Hain zuzen ere, Ikaslagunen egitekoa ez da soilik irakaskuntzan oinarritzen, ezta?
M.Z: Nik uste dut hori dela puntu garrantzitsuenetariko bat. Ez dakigu zein profiletako ikasleak izango ditugun. Gutxi gorabehera esan digutena da asko etorri berriak direla, denbora askoan ez direla egon euren familiarekin edo amarekin, hizkuntzarekin arazoa izan dezaketela...

Gure helburua da euren ikaskideen ahalik eta antza gehiago izaten laguntzea da, etxeko lanak egiten eta abarretan lagunduz. Baina, horrekin batera,  senti dezaten bat gehiago direla eta elkarrekin egingo dugula bidea, autoestimua eta konfiantza landuz, euren integrazioa osoa izan dadin.


Alegia, ez direla eskola partikularrak soilik izango.
M.Z: Eskola partikular bezala har daiteke hasiera batean, helburua etxeko lanak egiten ere laguntzea delako. Baina, horretaz aparte, zerbait gehiago eskaini nahi dugu. Horregatik, boluntario sare anitza sortzea da gure asmoa, jolasen bidez, antzerki bidez, literaturarekin... pertsona horiei hutsuneak betetzen aurre egiten laguntzeko.
I.A: Nik uste dut haur horiek, etorkinek zein bertakoek, behar dutela heldu bat erreferentzia gisa. Horri lotuta, gogoan dut txinatar baten istorioa. Haren amak bost urte egin ditu hemen, eta hala moduz moldatzen da gaztelaniaz. Esaten dit  «nire semea... arazoa... irakaslea» . Alegia, laguntza eske  badakiela norengana jo, baduela erreferente bat hemen. Hori oso garrantzitsua dela deritzot.
M.Z: Ni Aiako eskolan egon naiz azken urteetan, eta izan ditugu ikasle etorkinak, magrebtarrak, ukrainarrak... Herri txikia izanik, oso ongi integratu dira, onartuak sentitu dira, bertako parte. Gu giro horren bila goaz.


Gertutasun hori bilatzeko, arreta pertsonalizatua eskaini nahi duzue. Eta horretarako, boluntario bakoitzak bizpahiru ikaslerekin egotea da asmoa.
E.S: Ikusi beharko da zenbat boluntario elkartzen garen, ea posible den kopurua mantentzea: bakoitzarekin bi ikasle biltzea. Oraingoz, 19 lagun elkartu gara eta gustatuko litzaiguke jende gehiago batzea. Gehienok irakasleak izandakoak gara, baina badaude beste profiletako boluntarioak ere.
M.Z: Bai, esaterako, Batxilergoan dabilen gazte bat animatu zaigu, eta beste pare bat unibertsitako ikasleak direnak. Egia da proiektua azaldu diegun guztiek interesa agertu dutela, eta parte hartzeko prest daudela.
E.S: Oso ideia ona da,  proiektuaren oinarria delako elkar ikastea. Nire esperientziaren arabera, elkar ikastea oso metodologia ona da. Jendea buru-belarri sartzen da eta etekinak nabarmenak dira gerora.
M.Z: Erretiratuek aktibo jarraitzeko modu bat da, eta gazteentzat esperientzia hartzeko aukera polita. Guztiak ikasiko dugu guztiongandik.


Gainera, konfiantza hori ahalbidetze aldera, gune berezi batean elkartuko zarete. Zer landuko duzue?  
M.Z: Bai, guztiak mahai baten inguruan jarriko ditugu, gela berean. Gehienbat hizkuntza eta matematika lantzea da helburua, baina bakoitzaren beharren arabera moldatuko gara. Horrez gain, aurrera egin dezaten lagunduko diegu. Etxeko lanak egingo dituzte, baina ,agian, bertsoak sortuko ditugu, postreak egin... Eta modu horretan, irakasgai batzuk landu ditzazkegu, eta baita beste hainbat gauza ikasi ere, maila pertsonalean.

Kontuan izan behar da beste kultura batzuetatik etorri direla, ez dutela hizkuntza menderatzen, adin ezberdinatakoak direla, batzuk gogorik gabe etortzen direla, amarekin ez direla egon azken urtetan... Errealitateak anitzak izango dira, eta guk hori guztia barneratu beharra daukagu, gerora pertsona bakoitza ulertzeko.