«Pozgarria da Mobibike Eguna geroz eta ezagunagoa dela jakitea»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urr. 27a, 10:00
Haimar Zubeldia txirrindularia (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Orain hamar urte, gaixo zegoen haur bat bisitatu ondoren, «zerbait egin beharra» zegoela ikusi zuten Haimar eta Joseba Zubeldia zein Markel Irizar txirrindulariek. Hortik sortu da Mobibike Eguna.

Igandean zortzigarren urtez ospatuko dute Mobibike Eguna. Elkartasun festa horren hazia, ordea, duela hamar urte erein zuten. Haimar Zubeldia (Usurbil, 1977) Zarauzko bizilaguna da ekitaldiaren aitabitxietako bat.

Nola izan zen hasiera hura?
Lagun batzuen bitartez, jakin genuen bazela mutiko bat minbizia zuena. Bere aitari txirrindularitza gustatzen zitzaion, berari ere bai...  Kimioterapia hartzen ari zen une horretan, eta pentsatu genuen animoak ematera joatea harengana. Markel Irizar, nire anaia Joseba eta hirurok joan ginen haren etxera arratsalde batean. Gainera, halako kasuetan Markel bera eredu ona da, bera ere pasatu baita prozesu horretatik.

Haur harekin egon ondoren, erabaki zenuten zerbait egitea.
Bai, ordubete inguru pasatu genuen elkarrekin, eta agurtu ondoren, gogoratzen naiz eskaileretan behera gindoazela, Irizarrek berak bota zuela zerbait egin zitekeela horren inguruan.

Bizikletarekin lotutako zerbait izan zitekeela ere esan genuen. Haurraren gurasoekin hitz egin genuen, bere aita, Jose Luis Fernandez Vilches, une horretan Aspanogiko presidentea baitzen,  eta bilerak egiten hasi ginen. Horrela hasi zen guztia. Herrian zehar martxa bat egitea erabaki genuen, mugimendua eta bizikletaren baturatik.

Handik bi urtera antolatu zuen Aspanogik lehenbiziko aldiz Mobibike Eguna.
Lehenbiziko urtean, Lege Zaharren enparantzan egin genuen, eta bigarren urtetik aurrera Aritzbatalde ingurura lekualdatu genuen festa. Ikusi genuen jendeari zer gustatzen zaion eta horren arabera egituratu genuen. Eta apurka-apurka eragileak batzen joan ziren: Zarautz Triatloi Elkartea  triatloi txikia antolatzeko, Pagoeta elkartea BTTko ibilaldia egiteko, bizikleta buelta egiteko Zarauztarra elkartea, errugbi taldeak mokadutxoa prestatzeko...

Eta baita Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere.
Ordura arte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtero eskaintzen zuten halako emanaldi bat, baina horretara soilik mugatzen zen. Haiek gonbidatzea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaigun, eta haiek ere batzea erabaki zuten.

Urtero arrakasta handia izaten du pailazoen ikuskizunak, kirol mundua kulturarekin lotzen baita eta herriko zein inguruko eragileek ere hartzen dutelako parte bertan.

Horiez gain, hainbat eta hainbat boluntario ibiltzen dira egunean zehar. Egia esan, jendeak dena ematen du; izan ere, zoritxarrez, guztiok dugu halako kasuren bat inguruan eta horregatik erraz jartzen du jendeak bere partetik, urtean behin bada ere.

Zuek ere horregatik jarri zenuten martxan ekitaldia.
Bai, nik Markel prozesuan zegoenean ezagutu nuen, duela 14 bat urte. Ni profesionaletan nengoen, eta bera afizionatuetan. Gaixotasuna medio, urtebete inguru egon zen lehiatu gabe. Gero, sendatu eta berriz itzuli zen txirrindularitzara.

Egia esan, txalogarria da, ikuspuntu oso positiboa baitu. Jende asko jartzen da harremanetan harekin, eta bere esperientzia kontatzen die naturaltasunez, gauzak lasaiago har ditzan gaixoaren familiak. Nik uste dut garrantzitsua dela hori, alegia, lasaitasuna eta  normaltasuna transmititzea, eta erakustea gaixotasun horretatik beti dagoela ateratzea. Zentzu horretan, harekin elkarrizketa bat izateak indarra ematen du beti.

Hain justu, hori da Mobibiken helburuetariko bat. Halako kasu baten aurrean, ohikoa da tristura sentitzea. Mobibiken bidez, ordea, adierazi nahi da irrifarre egitea ona dela. Eta baita jakinaraztea zer den Aspanogi elkartea, laguntzeko eta erraztasunak emateko jendea badagoela atzean, hain zuzen.

Era berean, ekitaldian bildutako dirua elkartera bideratzen da. Horrek ere babesa emango dio, ezta?
Bai, gauza handiak lortu dira horri esker. Esaterako, ospitalean isolatuta dauden haurrentzat Interneta jartzea lortu da. Gurasoentzat ere hainbat laguntza lortu dira. Kasu askotan, seme-alabak gaixo izateagatik lana utzi behar izaten dute gurasoek, eta nahiz eta gipuzkoarrak izan, urruti bizi dira ospitaletik. Egunero joan-etorrian ibili beharrean, pisu bat egokitu dute Donostian, bertan gera daitezen. Era berean, ospitalean bertan ere gurasoek atseden har dezaten gela bat atondu dute. Pertsona bat ere badago gaixotasunaren inguruko informazio osoa ematen duena, gurasoei gauzak errazten dizkiena.

Zarauzko ekitaldiaz gain, ingurutik ere beste hainbat laguntza ere lortzen ditu Aspanogik. Zumaiako Flysch Trailean bildutako dirua, esaterako, elkarteari ematen diote, eta baita  Lazkaoko Elkartasun Egunean bildutakoa ere.

Orokorrean, Mobibike Eguna urtetik urtera ezagunagoa dela, eta geroz eta jende gehiago bertan parte hartzera animatzen dela ikusteak poza ematen du.