10. egin dute ZKEko pultsolariek Errege Kopan

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 21a, 10:22

Zarauztarrek ez dute lortu puntuazioa hobetzea, baina "harro" sentitzen dira egindako lanarekin.

Madrilen izan dira ZKEko Halterofilia saileko gizonezko seniorrak, taldeen arteko Espainiako Errege Kopa jokatzen. Beste 14 talderekin lehiatu dira, sei txandatan banatuta. Danel Lopez eta Imanol Zulaika aritu ziren lehenbiziko eta bigarrengo txandetan. Lopezek abioan 93 kilo eta jaso eta bultzan 110 kilo jaso zituen, eta guztira 270 puntu erdietsi. Zulaikak, berriz, 95 kilo jaso zituen abioan eta jaso eta bulzan 112 kilo, 261 puntu eskuratuz.

Hala, denera 531 puntu lortuta, zarauztarrek 5. postuan ekin zioten 3. eta 4. txandei. Borja Bravok 95 kilo eta 120 kilo jasota, 261 puntu eraman zituen, eta Iker Guillamonek 283 puntu, 100 kilo eta 131 kilo jasota. 1.076 puntu bildu eta 10. postura jaitsita igaro zen ZKEko Halterofilia taldea hurrengo txandetara.

Jon Mendizabal eta Stepan Tsirkinek jokatu zituzten azkenengo txandak: Mendizabalek 284 puntu eskuratu zituen (109 kilo eta 131 kilo jasota) eta Tsirkinek 309 puntu (130 kilo eta 165 kilo jasota). 

1.670 puntu eskuratu zituzten guztira zarauztarrek, eta 10. postuan sailkatu ziren. Orain arteko puntuazioa hobetzea ez dute lortu—puntuazio onenetik 12 puntura geratu dira—, baina "harro" daude egindako lanaz. Izan ere, 12 urte ziren zarauztarrek ez zutela halako proban parte hartzen. Aurten  punta-puntako aurkariekin lehiatzeko aukera izan dute, besteak beste, Rioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten 4 pultsolarirekin.

 

Etxeko txapelketa, abenduaren 10ean

Denboraldi "arrakastatsuari" amaiera biribila ematea aldera, abenduaren 10ean jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegian etxeko txapelketa. Jakinarazi dutenez, Halterofilia saila dagoeneko 2017ra begira lanean ari da, eta gabonetako oporren ondoren ekingo diete entrenamenduei.