Urtearen erdirako bukatu nahi dute Errotaberri iparraldeko urbanizazioaren lehen fasea

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko urt. 12a, 10:47
Errotaberri iparraldea, Frantzeskua zubitik begiratuta. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Iñurritza erreka desbideratuko dute eta Abendañoko sarrera Frantzeskua zubiarekin lotu, bidea luzatuz. Biribilgunea egingo dute gune horretan, saihesbidearekin lotzeko

Asteleheneko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zuen Udal Gobernuak Errotaberri iparraldeko urbanizazioarekin hastea. Horretarako, aurrez, abenduaren azken astetik txukuntzen jardun dute Frantzeskua zubiaren ezkerretara Abendaño aldera dagoen gunea. Jaurlaritzak desjabetu zituen lur horietan zeuden baratzeak kendu dituzte, eta hainbat zuhaitz moztu. Txukunketekin amaituta, urtarriletik aurrera urbanizazioaren lehen faseari helduko diote.

  • Batetik, Abendañoren sarrera Frantzeskua zubiarekin lotuko dute, Aiziazpi kaletik zubiaren hasiera bitartera bidea luzatuz.
  • Bestetik, bide horren amaieran, biribilgune bat sortzea aurreikusi dute. Saihesbidearen proiektuan dago jasota biribilgune hori, hain zuzen. Hori egitean bi sarbide izango ditu industrialdeak: batetik, egungoa, Azken Portutik datorrena, eta bestea, berria, Frantzeskua zubitik. «Egun kamioi guztiak Azken Portutik igaro behar izaten dute. Sarbide berriarekin nahi dugu auzo horretako bizilagunen bizi kalitatea hobetu», nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak.
  • Hori posible izan dadin, Iñurritza erreka iparraldera desbideratu behar da, ubidea zabalduz. Jakinarazi duenez, hori URArekin eta Bide Azpiegituretako Departamenduarekin izandako «negoziazio luzearen» emaitza da: «Inguru hori uholdegarria da, eta lan hauekin uholdegarritasun hori hobetuko denez, adostasun batera heldu ginen gaur urtebete». Hain zuzen, 2016ko urtarrilaren 12an udalak hitzarmena sinatu zuen URArekin obrak bideratu ahal izateko.

Injelan S.L elkarteak idatzi du proiektua. Erreka desbideratzearekin batera, zuhaitz berriak landatuko dituzte. Bestalde, zubi berri bat ere sortuko dute Abendañon. Lanak Errotaberriko Kontsertazio batzordeak bultzatuko ditu. «Haiek dira sustatzaileak. Zarauzko Udalak zati txiki bat dauka baina sustatzaile pribatuak dira gehienbat Errotaberri esku hartu dezaketenak», zehaztu du Txurrukak. Udalak urbanizazio lanen %3a ordainduko du.

Epeei dagokionez, Errotaberri iparraldeko obra —errepidea luzatu eta Iñurritza erreka desbideratzea, besteak beste— ekaina bitartean amaituko dutela aurreikusi du alkateak, jarraian biribilgunea egin ahal izateko.

 

Olaa erreka atera

Frantzeskua zubitik hasi eta Treku enpresara arte heltzen da Errotaberri; 127.000 metro koadro lurzoru industrial daude gune horretan. Iparraldean pabilioi berriak egitekoak dira, eta lehendik Abendañon dauden beste hainbat lantegi berrituko dituzte, gunea urbanizatzeaz gain. «Horrek aukera emango digu enpresa berriak erakartzeko». Eskaerak egon badirela aurreratu du Txurrukak.

«Bertan badaude enpresa batzuk duela urtebete sinatutako akordioan jasotakoaren zain urte luzez daudenak». Horietako bat da KSB Itur. «Euriteak daudenean Olaa errekak gainezkak egiten du. Erreka hori KSB Itur azpitik pasatzen da 300 bat metro inguruan. Uholde garaian kalte latzak izaten ditu enpresan». Helburua da erreka enpresa azpitik atera, ekialdera desbideratu eta aire zabalera ateratzea. Hori ere jaurlaritzarekin sinatutako akordioan jasota dago. «Nahi duguna da jaurlaritza eta URAko zuzendari berriarekin berehala bilera bat izan, duela urtebete hartutako konpromisoak betetzeko». 2018rako Errotaberriko hegoaldea ere martxan jartzeko, alegia.

Salberdingo enpresekin ere harremanetan dago udala. Bertako Kontzertazio Batzordea birpartzelazioa lantzen ari da, eta horren barruan enpresen lekualdaketak aurreikusten dira.  «Paraleloan jarri nahi ditugu Salberdingo zein Errotaberriko proiektuak, Salberdingo enpresaren batek Errotaberrira lekualdatzeko aukera izan dezan, hala nahi izanez gero». Hala ere, argitu du bi proiektuak ez daudela lotuta.
Edonola ere, «enpresa ugari etorri eta lanpostu pila bat sortzea» nahi du Txurrukak. «Guk lur industriala jarriko dugu nahi duenak Zarautz kokaleku gisa aukeratzeko. Izan ere, egun ez dago zer eskaini. Eskaintza izanda, errazagoa da».

Erlazionatuak

1988. urtean hasitako plana

Zarauzko Hitza 2017 urt 13 Zarautz